Itxi

kultura

Azoka

Euskara Expolangues munduko hizkuntzen azokan izango da

Otsailaren 6tik 9ra izango da Parisen. Etxepare Euskal Institutuak euskarari buruzko argibidea eta baliabide ezberdinen berri emango duen stand bat antolatu du.

  • Expolangues. Argazkia: EITB

    Expolangues. Argazkia: EITB

Europa mailako hizkuntzen azoka garrantzitsuenetakoa den Parisko Expolangues azoka otsailaren 6tik 9ra burutuko da aurten, eta han izango da euskara berriro, Etxepare Euskal Institutuak euskarari buruzko argibidea eta baliabide ezberdinen berri emango duen stand bat antolatu baitu.

Azkue Fundazioak eta Langune hizkuntzen industriaren alorreko enpresek ere gunean egoteko eta haiek sortutako materialen eta zerbitzuen zabalkundea egiteko aukera izango dute, Institutuak luzatu dien lankidetza-gonbidapenari esker. Bestalde, Argitxu Camus Sorbonne Nouvelle III Unibertsitateko irakurle ohiak emango duen hitzaldia eta Mariasun Landa idazleak eta Garikoitz Mendizabal txistulariak sortutako emanaldi literarioa eta musikala ere izango dira azokan.

Halaber, emanaldi literarioak antolatu dira Sorbonne Nouvelle III Unibertsitatean eta Parisko Cervantes Institutuan. Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Expo Port de Versaillesen burutzen den Expolangues azokak mundu osoko hizkuntzak hartzen ditu bere baitan: aurten 80 hizkuntza bilduko dira eta 24.000 bisitari inguru espero dituzte, iazko kopuruen arabera. Horrela, Etxepare Euskal Institutuko standera gerturatuko direnek euskarari buruzko azalpen eta bitarteko ezberdinak aurkituko dituzte: liburuak, material didaktikoa, hiztegiak, euskara mundu osoan ikasteko baliabideen berri, beste hizkuntzetara itzuli diren euskarazko liburuen katalogoak edota euskaraz lehen urratsak egiteko aukera.

"Badu, Bada: Euskara mundu eleanitzean" erakusketari buruzko argibidea ere banatuko da bertan eta katalogoa eleaniztuna ere ikusgai izango da.