Itxi

kultura

Argitalpenak

'Linguae Vasconum Primitiae', arabieraz, txineraz eta kitxuaz

Gainera, Bernat Etxepareren lana galizieraz, katalanez, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanieraz eta italieraz irakurri daiteke.

  • 'Lingua Vasconum Primitiae', erakusketa batean. Argazkia: EITB

    'Lingua Vasconum Primitiae', erakusketa batean. Argazkia: EITB

Bernat Etxeparek idatzitako "Linguae Vasconum Primitiae" euskaraz argitaratu zen lehenengo liburua galiziera, katalan, errumaniera, arabiera, txinera eta kitxua hizkuntzetara itzuliko da, Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak sinatutako lankidetza-hitzarmena garatuz. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, martxoaren 26an egindako bileran, eta Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan, Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae" lanaren itzulpena egitea onetsi zuen.

2011ko abenduaren 2an Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zen Etxepareren bertsoak jasotzen dituen euskarazko jatorrizkoaren faksimile-edizio bat, bai eta hainbat hizkuntzatara egindako itzulpena ere, hain zuzen ere, espainiera, ingeles, frantses, aleman eta italierara.

Oraingoan erabaki da testua euskal gizartean presentziarik handiena duten komunitate linguistikoen hizkuntzetara ere itzultzea, hain zuzen, galiziera, katalan, errumaniera, arabiera, txinera eta kitxua hizkuntzetara.

Andres Urrutia euskaltzainburua Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriarekin bildu zen joan den urtarrilaren 22an, eta orduan jakinarazi zion helburu hori, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren garapen gisa.

Halaber, mahai gainean jarri zituzten aztertzen ari diren hainbat ekintza, bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko, euskararen sustapenaren eta erabileraren arloan lanak bultzatzeko helburuarekin. Urtarrilean izandako bileraren egun berean, Euskaltzaindiko Zuzendaritzako kideek ohiko bilera egin zuten Eusko Legebiltzarrean, eta euskararen arloko aholku-erakundearen osoko bilkuraren bilera ekainaren 28an Eusko Legebiltzarrean egitea ere onartu da.