kultura
Kooza
Bilbo, Cirque du Soleilen estreinaldiaren ateetan
'Kooza' ikuskizuna gauean helduko da Bizkaiko hiriburura eta bertan izango da ekainaren 16ra arte. Sarrerak salgai daude cirquedusoleil.com webgunean.
Cirque du Soleilek gauean irekiko ditu ateak Bilbon. Munduko zirkurik handiena Bizkaiko hiriburuan izango da ekainaren 16ra arte, Kooza ikuskizun berria aurkezten, Zorrotzaurren dagoen karpa handian.
Bederatzi egun behar izan dituzte zirkua muntatzeko eta beste hiru beharko dituzte desmuntatzeko.
Zirku konpainiako iturriek jakinarazi dutenez, 'Grand Chapiteau' edo karpa handiak 51 metroko diametroa eta 17 metroko altuera du. 25 metroko altuera duten altzairuzko lau mastaren gainean finkatzen da. 550 hesola baino gehiago behar dira karpa sendo eusteko, 4.500 metro koadroko asfaltoaren gainean. 'Grand Chapiteau'k 2.600 ikusle har ditzake.
"Gurpil gaineko hiri" bat da, eta txarteldegiak, bulegoak, eskola propio bat eta pertsonal osoari janari-zerbitzua ematen dion sukaldea barne hartzen ditu. Halaber, 500 kw-ko lau sorgailuk karparentzat eta azpiegiturentzat beharrezkoa den elektrizitatea hornitzen dute. 'Grand Chapiteau', 'VIP Rouge' karpa eta karpa artistikoa klimatizazio sistemez hornituta daude, eta 70 kamioi behar dira ekipoaren 1.000 tona baino gehiago garraiatzeko. Bestalde, 'Grand Chapiteau'-ren aurrean kokatuta, txarteldegiak ere Cirque du Soleilen gurpil gaineko hiriaren zati dira.
Sarrerak
18:30etik 20:30era, "Kooza" ikuskizunaren sarrerak guneko txarteldegian egongo dira salgai eta baita Cirque du Soleilen webgunean bertan ere. Txarteldegiak ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago eta ikuskizuna hasi eta gero 30 minutu egongo dira irekita.