kultura
Jaurlaritzaren politika
EH Bildu: 'Euskara hizkuntza gutxitua izatera kondenatzen ari dira'
Erredakzioa
Koalizioak hizkuntza politika berria eskatu dio Jaurlaritzari, "euskalgintzarekin adostua eta euskararen normalizazioa helburu izango duena".
-
Euskara ikasleak. EiTB.
EH Bildu koalizioak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikak “euskara hizkuntza gutxitua izatera kondenatzen” duela. Xabier Isasi legebiltzarkideak adierazi du elebitasun sozial orekatua “ezinezkoa” dela eta Jaurlaritzaren politikak “porrot” egin duela ondarioztatu du.
Horrenbestez, hizkuntza politika berria eskatu du, "euskalgintzarekin adostua eta euskararen normalizazioa helburu izango duena".
Atzo, Patxi Bazterrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak ‘Euskara EAEn’ txostena aurkeztu zuen. EH Bilduren ustez, dokumentu horrek “agerian utzi du” Jaurlaritzaren politikak “porrot egin duela” eta “beste norabide bat hartu behar duela ezinbestean”. “Ezagutu dugun hizkuntza politika horrek euskara hizkuntza gutxitua izaten kondenatzen du”, gaineratu du.
"Jaurlaritzak aurkeztutako azterlanetik atera beharreko ondorioa argia da: Euskal Herriak beste hizkuntza politika bat behar du, euskararen normalizazioa, eta ez elebitasuna, helburu izango duena".
Izan ere, "elebitasuna pertsonala da beti, hautu pertsonala, norberaren araberakoa. Elebitasun sozial orekatua, beraz, ezinezkoa da; desorekatua eta asimetrikoa izango da beti, eta gutxiengoaren hizkuntza denez, desoreka hori euskararen aurkakoa da", gaineratu du.
Isasik estatistika ofizialak hartu eta Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren eskutik "euskararen berreskurapen prozesua eten egin dela" ohartarazi du. Gogora ekarri duenez, 2006tik 2011ra bitartean Bilbon eta Gasteizen 7.000 euskaldun galdu dira eta EAEko 115 udalerritan euskaldunen proportzioak behera egin du.
Gainera, euskararen erabilera maila eskasaren arazoari beste bat gehitu zaio, euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak ugaldu direla, alegia, Arartekoaren eta Behatokiaren 2012ko txostenek erakutsi dutenez.