kultura
Beste txosten bat
Donostia 2016 epaimahaiaren txostenari erantzungo dio Udalak
Erredakzioa
PSEren udal taldeak, aldiz, prentsa oharra atera du epaimahaiak bere txostenean esandakok "kezka larria" sortu diela adierazteko.
Juan Karlos Izagirre (Bildu) Donostiako alkateak aurreratu duenez, Donostia 2016 Kultura Hiriburuaren epaimahaiak egindako txostenari erantzungo dion beste txosten batean lanean ari da udalbatza. Txosten hori Europara bidaliko dute "irailaren erdi aldera".
Hedabideei egindako adierazpenen arabera, epaimahaiaren azken txosten hori "ohiko txostena da Donostia 2016 proiektuaren barruan, Europako beste edozein hiribururen kasuan bezala".
Izagirreren hitzetan, "lanerako dokumentazioa da, ez dira txosten ofizialak, eta helburua proiektua hobetzen joatea da". Hala ere, alkatearen iritziz, gauzarik larriena "horrelako txosten bat hedabideetan agertzea da, ez baitio Donostia 2016 proiektuari mesederik egiten". Izagirrek esan duenez, proiektua "donostiar eta euskal herritar guztiena da, eta guztion artean aurrera atera behar dugu".
PSE: "Proiektuak ez du aurrera egiten"
Ernesto Gasco Donostiako Udaleko PSElp bozeramailearen ustez, Donostia 2016 proiektuaren arrakasta "arriskuan dago", eta gardentasun eta pluraltasun handiagoa eskatu du.
Prentsa ohar baten bidez, Gascok PSEren udal taldea "oso kezkatuta" dagoela adierazi du, Donostia 2016 proiektuko epaimahaiak txostenean esandakoengatik.
Azkenik, ondo zihoan proiektua "geldirik" egotea deitoratu du, eta gaiari bultzada handia ematearen alde egin du.