kultura
Zigor erreforma
Deskarga webguneen arduradunak kartzelara joan litezke
Lehen aldiz, urraketa horiek delitu jo nahi ditu Espainiako Gobernuak, sei urte arteko espetxe zigorrak aurreikusiz.
-
Kim Dotcom Megaupload deskargen webguneko arduraduna atxilotu zuten, delituok egotzita. Argazkia: EF
Interneten egile eskubideak urratzen dituzten webguneen arduradunentzat espetxe zigorrak ezartzea nahi du Espainiako Gobernuak, El Pais egunkariak gaurko edizioan aurreratu duenez.
Zigor Kodearen erreforma zirriborroa da oraindik, eta ikusteke dago azkenean bere horretan onartzen den. Izan ere, Justizia, Kultura eta Industria ministerioek interes ezberdinak dituzte eta negoziazio gogorrak izaten ari dira.
Erreforma ostiral honetan, Ministroen Kontseiluan, onartu nahi du Rajoren gobernuak. Horretarako, baina, hiru aldeek behin betiko testua adostu behar dute, eta hala, azken orduko bilerak izango dituzte gaur bertan.
Interneten egile eskubideak urratzen dituztenei, zigorrak
Aipatu egunkariak eskuratu duen zirriborroaren arabera, legez kontrako edukiak eskaintzen dituzten webguneen arduradunak kartzelarekin zigortu nahi du Gobernuak. Beste zigor batzuk ere aurreikusi dituzte: edukiak kentzera behartzea eta, kasurik larrienetan, "webgunea blokeatzea". Frantziak ez bezala, Espainiak ez du erabiltzailea zigortuko.
Alde batetik eta bestetik etor daitezkeen presioak tarteko, baliteke Ministroen Kontseilura helduko den testua aldatzea. Gobernuak onartuta, Kongresuaren galbahea igaro behar du erreformak eta han ere, moldaketak egon daitezke. Dena ondo bidean, Zigor Kode berria 2014ko udaberrian sar liteke indarrean.