Itxi

kultura

Abesbatzen Lehiaketa Tolosan

Suediako St Jacobs Gazte Abesbatzak irabazi du Tolosako 45. Lehiaketa

Erredakzioa

Garaipen horri esker, 2014ko Europako Abesbatzen Sari Nagusian izango da talde suediarra. Sari banaketa 11:30etan izango da Leidor antzokian.

1:28
Argazkia: EiTB

Amaitu da Tolosako 45. Abesbatza Lehiaketa, eta Suediako St Jacobs Gazte Abesbatza izan da garailea. Michael Wedarrek zuzendutako talde eskandinaviarrak atzo arratsaldean abestu zuen Leidor antzokian, eta Polifonia eta Musika Herrikoiaren sailetan irabazi du. Horri esker, 2014an Hungarian egingo den Europako Abesbatzen Sari Nagusirako txartela lortu du.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak ematen duen Euskal Obra baten interpretazio onenaren saria ere suediarrek irabazi dute. Oskorri taldeak sortu eta David Azurzak moldatutako Biolin musikaz obra abestu zuten.

Bigarren saria Estatu Batuetako Carolinako unibertsitateko abesbatzak erdietsi du, eta hirugarrena, aldiz, Alemaniako KammerChor Saarbrüken koruak, aurreikuspen guztiak betez.

Bestalde, Pragako Abesbatza Filarmonikoa nagusitu da arrakasta handiz itzuli den Haur Abesbatzen Lehiaketan.

11:30etan hasiko da sari banaketa ekitaldia Leidor antzokian. Gainera, 19:00tan emanaldi berezi bat izango da San Frantzisko elizan, Enrique Azurza tolosarrak zuzentzen duen Kea Ahots Taldeak kontzertua eskainiko baitu.