Itxi

kultura

Egitaraua

Koldo Mitxelenak 20 urte bete ditu

Erredakzioa

Donostiako kulturgunea 1993an ireki zuten eta, ordutik, 84.000 bazkide txartel banatu dituzte eta 12 milioi bisita baino gehiago izan ditu.

  • Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunea. Argazkia: EFE

    Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunea. Argazkia: EFE

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturguneak 20 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, astearte honetatik aurrera dantza, olerkia eta musika ekitaldiak eskainiko dituzte.

Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura ahaldunak prentsaurreko batean azaldu duenez, Koldo Mitxelenak 1993ko azaroaren 5ean ireki zituen atean eta "ikasketarako, kulturarako eta arterako erreferentzia zentroa izan du beti helburu".

Gainera, orain "berritzen jarraitzeko eta etengabe aldatzen ari den errealitate batera moldatzeko" erronka izango duela esan du ahaldunak. Liburutegiak 350.000 dokumentu ditu eta "Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da", Badiolaren esanetan, eta "balio handiko" lanak ditu. Gaur egun, 13.800 dokumentu Sarean eskuragarri daude.

Azken bi hamarkadetan, 84.000 bazkide txartel banatu dituzte eta 12 milioi bisita baino gehiago izan ditu.

Bestalde, erakusketa aretoak lehen mailako 84 proposamen hartu ditu eta Ganbarak, 110.

Badiolak azaldu duenez, etorkizunari begira "komikiaren erreferentzia zentroa ere bilakatzea da helburua".

Ekitaldien egitaraua

Urteurrena ospatzeko, Koldo Mitxelena Kulturguneak astearte honetan hasiko diren hainbat jarduera prestatu ditu.

"Zure libururik gustukoena" ekimenerako, Instagram sare sozialean #liburubatistoriobat hashtagarekin gehien gustatu zaizun liburuaren argazkia partekatzera, irudi hori liburubatistoriobat@gmail.com helbide elektronikora bidaltzera edota liburutegiko harreran argazkia uztera gonbidatu dituzte bazkideak.

Gainera, asteartean, 17:30ean, Dantzaz taldeak kaleko ikuskizuna eskainiko du eta asteazkenean, ordu berean, Kukai taldearen proposamena ikusi ahal izango da. Asteartean ere, baina 19:30ean, olerki eta musika ikuskizuna izango da Antón Valverderekin eta Anjel Lertxundirekin.

Ostegunean, 18:30ean, Ados antzerki taldeak ikuskizuna eskainiko du eta, 19:30ean, Patxi Santamariaren eta Napoka Hiriaren txanda izango da. Gainera, hilaren 12an, 19:30ean, Teresa Calok, Rafa Berriok eta Ainara Legardonek poesia eta musika ekitaldia eskainiko dute. Ordu berean, baina 13an, Itziar Okarizen performance bat eta Asier Zabaletaren dantza ekitaldia izango dira ikusgai.