Itxi

kultura

Bigarren edizioa

Euskal kultura protagonista, Bruselako 'Fenêtre Ouverte' jaialdian

Erredakzioa

Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren ospakizunekin bat eginez, euskal kulturaren aniztasuna eta adierazpen artistiko ezberdinak ezagutzera emango dituzte.

  • Etxepare Institutuak 'Fenetre Ouverte' jaialdia aurkeztu du. Argazkia: Etxepare Institutua

    Etxepare Institutuak 'Fenetre Ouverte' jaialdia aurkeztu du. Argazkia: Etxepare Institutua

Etxepare Euskal Institutuaren eta Federation des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles erakundearen elkarlanari esker, euskal kultura izango da aurten Bruselako Fenêtre Ouverte jaialdiaren egitarauan protagonista. Iaz Kataluniari eskainitako egitarauak arrakasta lortu ondoren dator Fenêtre Ouverte jaialdiaren bigarren edizioa. Azaroaren 23tik abenduaren 4ra izango da aurten.

Tokiko kultur erakundeek Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, EHUko Mikel Laboa Katedra, Euskadiko Filmategia, Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016 eta Euskaltzaindia lagun dituztela sortu dute programa. Horren helburu nagusia euskal kulturaren aniztasuna eta adierazpen artistiko ezberdinak ezagutzera ematea da, abenduaren 3ko Euskararen Egunaren ospakizunekin bat eginez.

Horrela, besteak beste, euskal musika, dantza, erakusketak, literatura, hitzaldiak eta euskaraz egindako filmez osatutako ziklo bat izango dira asteartean Bruselan aurkeztu duten programan. Gainera, egitasmoaren baitan, Juan Mari Beltranek eta bere taldeak euskal herri musikaren inguruko 30 bat emanaldi eta mintegi eskainiko dituzte bertako eskoletan eta kulturguneetan.

Besteak beste, Joxean Fernandez Euskadiko Filmotekako zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Juan Kruz Igerabide EHUko Mikel Laboa Katedrako zuzendaria eta Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzaina igaroko dira Fenêtre Ouverte sur le Pays Basque jaialditik.

Halaber, Telmo Esnalen Urte berri on amona, Etxepare Euskal Institutuak sustaturiko Cyrus Suttonen Homeland, Fermin Muguruzaren Zuloak, Asier Altunaren Bertsolari eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren 80 egunean filmak eta dokumentalak, eta Kukai dantza taldearen "Sorbatza" eta "Gelajauziak", eta Kukai eta Tanttakaren "Komunikazioa-Inkomunikazioa" ikuskizunak ere izango dira ikusgai Bruselan.