kultura
Euskara
Euskaltegietako matrikulazioen jaitsiera murriztu egin da 2013an
% 6,33ko jaitsiera izan zuten 2010-2011n, % 5,48koa 2011-2012n eta % 7,09 2012-2013n. Jaitsiera % 1ekoa izan da oraingoan.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan duenez, euskaltegietako matrikulazioetan "jaitsiera handia" izan da azken hiru urteotan, baina 2013-2014 ikasturtean joera hori aldatzea lortu dute, jaitsiera % 1ekoa izan baita oraingoan. Baztarrikak prentsaurrekoa eskaini du Donostian, eta pozik agertu da "azken urteotan gertatu den matrikulazioen jaitsiera murriztea" lortu baitute. Izan ere, 2010-2011 ikasturtetik 19 puntukoa izan da jaitsiera hori.
Horrela, Baztarrikak gogoratu dituen datuen arabera, % 6,33ko jaitsiera izan zuten 2010-2011n, % 5,48koa 2011-2012n eta % 7,09koa 2012-2013n. Oraingoan % 1era jaitsi da, "testuinguru ekonomiko zailean: formazioari eta aisialdiari dagokien ikasketa-jardueretan gero eta eskari gutxiago dagoenean".
"Daukagun testuinguruarekin, jaitsiera murriztea lortu dugu, ikasturte bakar batean gainera, eta 25.000 lagunek euskara ikasteari ekin diote. Balorazio oso positiboa egiten dugu", adierazi du Baztarrikak. Euskaltegiak zoriondu ditu, eta "egiten duten lan garrantzitsua" goraipatu du.
Sailburuordeak azaldu du "tendentzia aldaketa" dagoela matrikulazioetan, eta, datorren ikasturteari begira, "sendotzen den ikusi beharko da". Horrela izango den esperantza azaldu du, "tendentzia aldekoa delako".
Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak matrikulazioen jaitsieraren zergatiak aztertu ditu, "testuinguruen eta abagune politikoen gainetik". Besteak beste, ikasleen egoerara moldatzeko, "ordutegi moduluen aldaketa" nabarmen du.
Baztarrikak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuan 30 milioi euroko laguntzak aurreikusten dituztela euskaltegientzat; 18 pribatuentzat eta 12 publikoentzat eta udal mailakoentzat. Sailburuordetzak emango dituen laguntzen % 70 izango da, eta 2014an euskaltegiek eskaintzen dituzten moduluen finantziazioa 660 euroan igoko dutela eta banako bekek 100.000 euro gehiago jasoko dituztela, 800.000 euro guztira.