kultura
Ikuskizuna
43 segundotan agortu dira Monty Pythonen ikuskizunerako sarrerak
20.000 sarrera inguru saldu dituzte minutu bat baino gutxiagoan, eta bost ikuskizun eskainiko dituzte azkenik, 2014ko uztailaren 1etik 5era.
-
Monty Python. Argazkia: EFE
Monty Python Britainia Handiko talde komikoak bost ikuskizun eskainiko ditu azkenik Londresen, 2014ko uztailaren 1etik 5era. Izan ere, lehen ikuskizunerako 20.000 sarrera inguru saldu dituzte 43 segundoan.
Azken 30 urteotan lehen aldiz igoko dira agertokira, eta ikusmira handia lortu dute joan astean iragarri zutenetik. 10:00etan jarri dituzte salgai uztailaren 1erako sarrerak, hori baitzen hasiera batean eskaini behar zuten emanaldi bakarra. Londresko O2 aretoan izango da, eta 20.000 lagunentzako tokia du: taldearen bozeramaileak adierazi duenez, 43,5 segundo baino ez dira behar izan sarrera guztiak agortzeko. Ezustekoa minutu gutxian heldu da, Monty Python taldeak beste lau emanaldi gehitu baititu. Arin saldu dituzte horietarako sarrerak.
John Cleese, Eric Idle, Terry Gilliam, Michael Palin eta Terry Jones aktoreek parte hartuko dute Monty Pythonen itzulian. Graham Chapman 1989an hil zen, minbiziaren ondorioz.
Cleesek aurreratu duenez, ikuskizunean "komedia apur bat, pathos apur bat eta sexo zaharra ere izango da", eta Chapman omentzea ere espero dute. Taldeko bost partaideak duela 15 urte izan zen azken aldiz elkarrekin agertoki batean, Aspenen (AEB), sari bat jasotzeko. Orduan, Graham Chapmanen errautsak omen zituen kutxa bat atera zuten, eta, "nahi gabe", lurrera erori zitzaizkien.
Cleesek esan duenez, "Flying Circus" BBC kateak 1969tik 1974ra eskaini zuen telesailaren hainbat saio eskainiko dituzte. Telesaila amaitu ondoren, hainbat pelikula egin zituzten, eta Monty Python and the Holy Grail eta Life of Brian lanekin arrakasta itzela lortu zuten.