kultura
Aurkikuntza
Euskaraz egindako lehen pelikula aurkitu dute Parisen
Duela 57 urte estreinatu zuten eta galdutzat eman zuten. Soinurik gabeko pieza bat da eta jatorrizko audioa duen baten bila dabiltza.
Josu Martinez EHUko ikertzaileak Gure Sor Lekua euskaraz egindako lehen filmaren kopia bat aurkitu du Parisko etxe batean. Duela 57 urte estreinatu zuten, eta galdutzat eman zuten. Bilbon egin dute aurkezpena Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak eta ikertzaileak berak. Filmari buruzko doktore-tesi bat egiten ari da Martinez, Josu Amezaga Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslearekin batera.
Ordu eta erdiko iraupena du Gure Sor Lekua dokumentalak, eta 1956an estreinatu zuten Hazparnen (Lapurdi). Bertakoa zen Andre Madre, pelikularen zuzendaria. Garaiko nekazari giroko bizitza ikus daiteke "zazpi lurraldetan", eta baita saregileen eta baserritarren lana ere.
Ikertzaileak azaldu duenez, diasporako euskaldunei zuzenduta zegoen dokumentala: zuzendariak berak bere garaian esan omen zuen irudiok ikusteak herrimina aseko liekeela. Egindako ikerketen arabera, bere helburua lortu zuen, eta atzerrian proiektatu zuten. Madrek egin zuen film bakarra izan zen, eta Jean Elizalde Zerbitzari idazle, apaiz eta euskaltzainak idatzi zuen.
Orain arte, euskarazko lehen filmak Gotzon Elortza getxotarrak egindako lau dokumental zirela uste zuten (1959an, 1960an, 1961ean eta 1962an eginak), baina garaiko hainbat prentsa artikulutan konfirmatu dutenez, Gure Sor Lekua euskaraz pentsatu eta egin zuten. Horregatik, ikertzaileek soinudun film bat eskuratzeko lanean ari dira, irudia eta soinua bide ezberdinetatik emititu zitezkeelakoan.
Ikerkuntzan aurrera egiteko asmoz, lanaren bertsio motz bat eskainiko dute abenduaren 20an Hazparneko Haritz Barne zinema-aretoan, Zinegin euskarazko zinemaldiarekin bat eginez. Bertan proiektatu zuten lehen aldiz. Helburua Hazparneko adinekoren batek pelikularen audioaren inguruko pistak ematea da. Kopia mutu bat da, eta horretarako bereziki egindako musikarekin lagunduko dute. Joserra Senperenak egin du musika, eta Xare Laborategiko Hertz laukoteak interpretatuko du.
Ikertzaileak ez du datu gehiagorik eman nahi izan, prozesu guztia bere doktore-tesian argitaratuko baitu, 2014. urtean.
Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak azaldu du "aurkikuntza bikaina" dela "gure herriaren ondare kulturala aberasten baitu, eta gure garaiko lehen euskarazko adierazpen artistikoak aztertzen baititu". Horrela, EHUk ikerketa horretan parte hartu izanak "harro" sentiarazten duela aitortu du.