Itxi

kultura

Adierazpena

Euskara elkarbizitzarako 'zubi' dela dio Eusko Jaurlaritzak

Euskararen Nazioarteko Egunerako Jaurlaritzak onartu duen adierazpen instituzionala ezagutarazi du Cristina Uriartek.

0:25

Euskara elkarbizitzarako "oinarri" eta, aldi berean, "zubi" dela dio Eusko Jaurlaritzak, baina, zubi hori zaintzen ez bada, elkarbizitza ahuldu eta "etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea pitzatu" egingo dela ohartarazi du. Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak ezagutarazi du, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea sailburuordea alboan zuela, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Nazioarteko Egunerako onartu duen adierazpen instituzionala, Donostian egin den ekitaldian.

Horrela, "Mundiala" da abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunerako Jaurlaritzak aurten aukeratu den leloa, eta onartu duen adierazpen instituzionalak azpimarratzen du elkarbizitzarako "oinarri" eta, aldi berean, "zubi" dela euskara. "Baina zubia zaintzen ez bada eta bere kasa utzi, elkarbizitza ahulduko da eta etorkizuna elkarrekin eraikitzeko borondatea pitzatu. Horregatik behar ditugu, elkarrekin eraikitako etorkizun batean sinesten dugulako, hesiak ez baizik zubiak, hizkuntz politika zuzen eta eraginkorrak", nabarmendu du Uriartek. Halaber, administrazioaren babesa bezala, euskarak "hiztun guztien konpromisoa" ere behar duela nabarmendu nahi izan du Jaurlaritzak Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian.

Ahots ezberdinen batura

Eusko Jaurlaritzaren adierazpen instituzionalak dio etorkizunerako behar dugula euskara, baina "etorkizunak ere behar duela euskara". "Hizkuntza bat ahots desberdinen batura da. Hizkuntzaren plazan elkartzen gara, hizkuntzaren bidez mintzatzen gara munduaz, hizkuntzarekin deskribatzen dugu mundua", esan du. Horrela, euskarak etorkizuna eraikitzen lagunduko badigu, "gizarte osoaren borondatea" behar duela azpimarratu du, "euskal hiztunena bezala erdal hiztunena ere".

"Euskarak justiziazkoa bezain hil ala bizikoa du administrazioaren babesa, eta, oroz gain,hiztunon konpromisoa behar du euskarak etorkizun ahalik zuzenena prestatzeko bidean", gaineratu du. Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak Donostian antolatu duen jardunaldiaren baitan ezagutarazi da.

"Euskararen biziberritzea. Ikuspegi orokor bat" izenburupean, hizlari izan dira goiz honetan Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Joseba Erkizia HABEko zuzendaria, Jokin Azkue Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Jasone Aldekoa Hezkuntza Biziberritzeko Zuzendaritzako ordezkaria. Euskara biziberritzeko eta normalizatzeko lanean azken hamarkadetan izan diren esperientziak azaldu dituzte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko ordezkariok, eta entzule izan dituzte Europa nahiz Amerikako hizkuntza gutxitu eta indigenetako 14 kide (kitxuak, mayak, kurduak edo nahuatak, besteak beste), Garabide elkarteak antolatzen duen Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu-tituluko ikasleak, guztiak ere.