kultura
Euskara
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bosgarren liburukia aurkeztu dute
Erredakzioa
Liburuki berriak euskararen morfologia jorratzen du, izenaren morfologia zehazki. Liburuarekin batera, CD bat argitaratu da, eta hor lekukoen ahotsak eta soinuak jaso dira.
-
Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bosgarren liburukia aurkeztu du . Argazkia: EFE
Euskaltzaindiak Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) bosgarren liburukia aurkeztu du ostegun honetan, Bilboko egoitzan. Liburuki berriak euskararen morfologia jorratzen du, izenaren morfologia zehazki. Liburuarekin batera, CD bat argitaratu da, eta hor lekukoen ahotsak eta soinuak jaso dira.
Aurreko lau liburukiak bezala, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bosgarren liburukia Laboral Kutxaren babesarekin argitaratu du Akademiak.
Aurkezpenean izan dira Andres Urrutia euskaltzainburua, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Ana Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Pello Ugalde Laboral Kutxako Lurralde zuzendaria, Adolfo Arejita EHHAren zuzendari akademikoa eta Xarles Videgain egitasmoaren arduradun teknikoa.
Urrutiak ez du azken asteetan Euskaltzaindian izan diren Gramatika Batzordeko kideen dimisioari eta Ibon Sarasolaren kargu uzteari buruz hitz egin nahi izan.
Euskaltzaindiatik azaldu dutenez, hizkuntzaren ahozko aldaera desberdinak mapetan agerian emateko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu, bai eta kultur ondarea berreskuratzea eta zabaltzea ere. Euskaltzaindiak 1983an onartu zuen egitasmo hau.
Galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ondoren, 1987an hasi zen Euskaltzaindia inkestak egiten. 145 herri hautatu ziren galdeketarako: 36na Bizkaian eta Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 18 Nafarroa Beherean, 15 Lapurdin, 12 Zuberoan eta bat Araban. 145 herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren, eta Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira.