kultura
Zinema estreinaldiak
Animazioa eta familia osoarentzako lanak, Gabonen atarian
Erredakzioa
Gabonetako oporrak heldu dira, eta, horiei jarraiki, familia osoarentzako film gozoak paratu dituzte aretoetan asteburu honetan, hala nola Futbolín Campanellaren lana eta Lluvia de albonigas 2.
Juan Jose Campanellak animazioari heldu dio Futbolín filmean, besteak beste El hijo de la novia eta El secreto de sus ojos lan goraipagarriak egin eta gero. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten filma 3Dtan ere ikusi ahal izango da ostiral honetatik aurrera. Amadeo mahai futbolaren zale amorratua da; futbol izar batek erronka joko dio, partida batean nork irabaziko, eta mahai futbolaren jokalariek lagunduko diote futbolari harroputzari aurre egiten.
Animazioarekin jarraituta, Lluvia de albóndigasen bigarren zatian, Flin ikertzailearen mundura itzuliko da; janariak zerutik jaustea ahalbidetzen duen makina asmatu du oraingoan. Familia osoarentzako pelikula honen pertsonaiei Dani Rovirak, Santiago Segurak eta Carmen Machik eman diete ahotsa.
Ernest & Celestine lana Ernest hartzaren eta Celestine sagutxoaren harreman bitxiaren inguruan sortua da. Marrazki bizidunetako film frantziar honetan bi izakiek elkarri nola laguntzen dioten kontatzen da.
Erabat ezberdina da Joss Wheldon zuzendariak Marveleko pertsonaia ahantzita josi duen istorioa. Shakespeareren klasikoaren berrikusketa proposatzen du Mucho ruido y pocas nueces filmean, zuri-beltzean.
Bestalde, Justin Bieber gazteak musikagintza utziko ote duen zurrumurruak piztu diren astean, gazteentzako musika izarraren bizitzaren gaineko beste dokumental bat estreinatuko da. Never say never lanean, kantaria biretan nola bizi zen erakutsi zuten; Believe honetan, berriz, kantari gisa izan duen bilakaeran jartzen dute begirada egileek.
Biopicetik urrun, Juan Cavestanyk Gente en sitios aurkeztu du, diru gutxiz grabatua izanagatik lantaldean espainiar zinemako aktore handi batzuk dakartzana: Maribel Verdú, Antonio de la Torre eta Tristán Ulloa. Umorea eta surrealismoa ukitzen ditu, kamera aldean hartuta grabatutako lana.
Mi Tierra lanak aitaren etxea defendatzeko Aljeriara itzuli behar den gazte frantses baten nondik norakoak aletzen ditu. Herrialde horretan biziko dituenak erabat aldatuko diote bizimodua.
Centro histórico Portugal iparraldeko hiri batean kokatuta dago, eta lau atal ditu, bakoitza zinemagile batek egina. Victor Erice euskal herritarra (Erlauntzaren hariak) da horietako bat.