kultura
Lankidetza hitzarmena
EiTBk, Ibaiak eta EPEk lankidetza hitzarmena berritu dute
Erredakzioa
Euskal ikus-entzunezko ekoizpen independentea sustatzeko lankidetzan jarraituko dute EiTBk, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak eta Euskal Produktoreen Elkarteak.
-
EiTBko, Ibaiako, EPEko eta Jaurlaritzako ordezkariak, sinatze ekitaldian. Argazkia: EiTB.
Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak, Joxe Portela IBAIA Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidenteak eta Carlos Juarez EPE Euskal Produktoreen Elkarteko presidenteak lankidetza ituna sinatu dute ostiral honetan, euskal ikus-entzunezko ekoizpen independentea sustatzeko lankidetzan jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ituna babesten du, eta sinadura ekitaldian Jose Manuel Bujandak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuaren Kabineteko zuzendariak, hartu du parte.
ETBk, Ibaiak eta EPEk elkarrekin lan egiten jarraituko dute ikus-entzunezkoen euskal ekoizpena bultzatu eta garatzeko, ekoizpen elkartuaren bitartez eta Euskal Herriko ekoizle burujabeek egindako ikus-entzunezkoen antena eskubideak eskuratuz. ETBk 4.137.388 euroko inbertsioa egingo du gutxienez 2013an, film luzeetan. Datorren urteko inbertsiorako diru kopurua oraindik itxi gabe dago.
Aldaketa bat sartu da oraingoan, Euskal Telebistaren parte hartzeari dagokionez, ETB ez baita produktore bazkide izango jada. Aurreratzean, esplotazio eskubideak erosten parte hartuko du ETBk. Produktore independentearen mesederako izango da aldaketa, hartara produktoreek lanaren titularitatea ez baitute utziko.
2014ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den hitzarmenaren beste asmoetako bat 'Jatorrizko Finantziazioaren Ataria' lortzea da, proiektu kopuru zehatz batentzat. Proiektu hauek diruaren eta artearen ikuspegitik bideragarrienak izango dira. Horrela, Euskal Herritik kanpo euskal ekoizleek, bazkide ekoizleak bilatu eta proiektuen salmenta eskubideak negoziatzerakoan, babes sendoa izan dezan.
Horrez gainera, euskal zinema eta telebista produkzio egonkorra lortu nahi da, oinarrian proiektu bideragarriak eta kalitatezko lanen produkzioa bultzatuz. Joera eta molde berriak babestuko dituzten proiektuak, zein egile eta lan berriak, kontuan hartuko dituzte. Autore-zineari eta jende guztiarentzat zuzendutako filmei eskainiko zaie arreta, eta, betiere, merkatuko kultur eta arte beharrei eta momentuan sor daitezkeen beharrei erantzungo dieten lanak aukeratuko dituzte.
Euskal eragileen parte hartzea ere bultzatu nahi dute, proiektu hauetan guztietan, euskaldunak diren egile, sortzaile, bitarteko tekniko, aktore, finantza parte hartze, kokalekuak eta abar kontuan hartuz.
Euskararen normalizazioa euskarazko lanen sormen, ekoizpen, zabalpen eta estreinaldiaren bidez bultzatzea ere badu jomuga akordioak. Euskadin film luzeak, animaziozko filmak, telebistako filmak eta, oro har, ikus-entzunezko beste lan batzuk egitea da xedea.
Azkenik, itunaren helburua nazioarteko koprodukzioak bultzatzea ere bada, batez ere, Europan eta Latinoamerikan egindakoak, sektoreko enpresei nazioarteko dimentsioa emateko.