Itxi

kultura

Arkeologia funtsak

Nafarroako Gobernuak bere arkeologia funtsa irekiko dio publikoari

Erredakzioa

Otsailetik aurrera, Nafarroako Gobernuaren Administrazio Artxiboaren eraikinean gordetako arkeologia funtsa ezagutzeko, taldeko bisitaldi gidatuetan parte hartu ahal izango du nahi duenak.

Otsailetik aurrera, lehenengo aldiz, Nafarroako Gobernuaren Administrazio Artxiboaren eraikinean bildutako arkeologia funtsa ezagutzeko, taldeko bisitaldi gidatuak eskainiko ditu Nafarroako Gobernuak.

Bi gunetan (bat material astunentzat eta bestea material arinentzat) bereizitako instalazio horietan, programatutako esku-hartzeetan aurkitutako objektuez gain, Foru Erkidegoko museo bakar batean ere ikusgai ez dauden beste batzuk daude gordeta.

Material astunen funtsak harrizko piezak biltzen ditu gehienbat: estelak, arkitekturako apaingarriak, erreminta handiak, estatuak... Material arinen funtsak, berriz, askotariko hondakinak gordetzen ditu; oro har, baina, pisu eta tamaina txikikoak dira. Mota askotako elementuak dira: zeramikak, harriz, metalez, hezurrez zein beiraz egindako lanabesak, gizakien eta animalien hondarrak...

Pieza guztiek dute zerikusia nafarren historiarekin, antzina-antzinatik (Behe Paleolitotik, duela 400.000 urtetik) XIX. mendera arte. Funts horietan Nafarroako Gobernuaren bilduma paleontologiko eta geologiko batzuk ere badaude.

Azken bi urteetan jasotako pieza esanguratsuenak hauexek dira: Turbilgo Burdin Aroko estela (Beire), Santa Criz-eko togaduna (Eslaba) eta Donapeako Behe Paleolitoko eta Erdi Paleolitoko pieza multzoa (Iruñea-Galar).