Itxi

kultura

Krisia

Balenciaga Museoaren bisitarien kopurua % 32 jaitsi da, 2013an

Erredakzioa

Aurtengo programazioak 1.358.720 euroko aurrekontua izango du, eta proposamenik garrantzitsuena Madrilgo Jantzien Museoarekin antolatutako erakusketa izango da.

  • Balenciaga Museoko erakusketa bat. Argazkia: EiTB

    Balenciaga Museoko erakusketa bat. Argazkia: EiTB

Getariako Cristobal Balenciaga Museoak 45.892 bisitari izan zituen 2013. urtean, hau da, museoaren lehen urte naturalean (2012) baino % 32 gutxiago. Jaitsiera krisi ekonomikoari eta, nagusiki urteko bigarren erdian, jarduerak murriztu izanari egotzi diete museoaren arduradunek.

Bisitarien kopurua jaitsi egin den arren, emaitzen kontuak ez du neurri bereko beherakada izan, eta horrela, leihatilako diru-sarrerak % 18 besterik ez dira gutxitu, txartel arruntarekin sartu diren bisitarien kopuruak gora egin duelako, eta txartel murriztuekin edo doakoekin sartu direnen kopuruak beherakada erlatiboa izan duelako.

Bisitariei buruzko datuei dagokienez, krisi ekonomikoaren ondorioz, museoak 2012an baino 22.330 bisita gutxiago jaso ditu, Euskadiko eta Espainiako museo nagusietan izan den beherakadarekin bat datorren joera. Museoak abuztuan eta ekainean jaso zituen bisita gehien: 7.403 eta 5.491, hurrenez hurren.

2014rako proposamenak

Cristobal Balenciaga Museoaren aurtengo programazioak 1.358.720 euroko aurrekontua izango du (iazkoaren antzekoa), eta erakunde sortzaileek (Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Kultura Ministerioa) zentroaren alde egindako apustua "bikain adierazten du". Museoak inguruan dituen elkarteekin eta erakundeekin lankidetzan aritzea bultzatuko du.

Urtarrilaren 31n kargua utzi eta proiektu profesional berri bati ekingo dion Javier Gonzalez de Duranak zehaztutako erakusketa programako zuzendari berriaren ekarpenekin aberastuko da. Egun, abian da zuzendari berria hautatzeko prozesua, Gonzalez de Durana komisario eta kultura kudeatzaile independente gisa arituko baita.

Apirilean inauguratuko da urteko lehen seihilekoko erakusketarik garrantzitsuena. Madrilgo Jantzien Museoarekin eginiko koprodukzioa da, Cristobal Balenciagaren obrari buruzkoa, eta Lorena Delgado, museo madrildarreko kontserbatzailea, eta Igor Uria, Cristobal Balenciaga Museoko kontserbazioko arduraduna, izango dira komisarioak. Museoek beren funtsetan dituzten Balenciagaren lanak trukatuko dituzte, elkarrekin egingo duten lehen erakusketa honetan.

Urtea hasteko, Gueñesko (Bizkaia) paperezko soinekoen lehiaketari buruzko atzerabegirakoa eskainiko dute. "Paperezko moda" izeneko erakusketan, lehiaketako piezarik azpimarragarrienetako batzuk aurkeztuko dira. Besteak beste, Alberto Sinpatron, Ion Fiz eta Javier Barroeta sortzaileen lanak erakutsiko dira museoaren sarreran otsailaren 14tik aurrera ikusgai egongo den erakusketan.

Halaber, apirilean "Errenazimentua. Moda margolanetik moda argazkira" izango da ikusgai, ESDIR Errioxako Diseinu Goi Eskolako ikasleek eginiko proiektua. Bisitariak Errenazimenduko erretratu ezagunetan oinarritutako argazkiak ikusiko ditu, zentroko ikasleek eginiko janzkiak daramatzaten aktoreak eta modeloak erakusten dituztenak. Erakusketa apirilaren 11tik aurrera bisitatu ahalko da Aldamar Jauregian.

Horrez gain, Cristobal Balenciaga Museoak ekoitzitako "Zinema, Balenciagaren amets bat" erakusketak Pedro Usabiaga du komisario, eta Berlinen erakutsiko da, otsailaren 6tik 16ra egingo den Berlinale zinemaldiaren 64. edizioan. Espainiak Berlinen duen enbaxadan egongo da ikusgai erakusketa, zinemaldiak dirauen bitartean.

2016. urteari begira, museo gipuzkoarrak proiektu bat gauzatu nahi du Mexiko Hiriko Arte Modernoen Museoarekin elkarlanean. Proiektu horretan, Cristobal Balenciaga Museoko soineko zein argazkiak eta Mexikoko museoko margolanak uztartuko dira. Besteak beste, Frida Kahlo, Diego Rivera, Jose Clemente Orozco, David Alfaro Siqueiros eta Rufino Tamayo abangoardiako margolari mexikarren lanak erakutsiko dira; 1930, 1940, 1950 eta 1960ko hamarkadetako eran jantzitako emakumeen erretratuak, hain zuzen ere.