kultura
Bilboko Aratusteak
Bilboko Konpartsak Kale Nagusira itzuliko dira inauterietako desfilean
Erredakzioa
Bilboko Konpartsen eta Udalaren arteko ezadostasunak direla medio, hamar urtez bi egitarau eta bi desfile izan eta gero, desfilea Kale Nagusitik egitea proposatu die Udalak konpartsei.
Bilboko Konpartsen desfilea Kale Nagusira itzuliko da aurten, hamar urte geroago. 2004. urtetik, Bilboko Konpartsak taldearen eta Udalaren arteko ezadostasunen ondorioz, bi desfile, ofiziala eta konpartsena, eta bi egitarau izan dira Bizkaiko hiriburuan inauterietan.
Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai zinegotziak azaldu duenez, jai batzordearen bileran Bilboko Konpartsei desfilea Kale Nagusian egiteko proposamena egin die, baina "jai giroan" egin dezatela eskatu die.
"Inauteriak satira dira, umorea eta kritika, baina alaiak izan daitezela; beste aldarrikapen batzuetarako, beste espazio eta une batzuk daude", esan du Urtasunek.
Zinegotziaren esanetan, Udalak ez du desfile ofizialik egingo, iaz bezala, murrizketa ekonomikoen erruz, eta inauterietako ekimenak Plaza Barriko karpan egingo ditu.
Beraz, Kale Nagusitik konpartsen desfilea soilik igaroko da aurten. Konpartsetakoak pozik agertu dira proposamenaren aurrean, baina datorren urtetik aurrera "Batzorde Mistoak diseinatu eta ospatutako inauteri bateratuak" egiteko guraria erakutsi du elkarteak.