Itxi

kultura

Hizkuntza politika

Jaurlaritzak zerbitzu eta lan hizkuntza gisa bultzatu nahi du euskara

Erredakzioa

Erabilera Planaren helburua euskara lan hizkuntza izatea eta "elebitasun iraunkorra eraikitzea da", herritarrek Administrazioarekiko harreman zer hizkuntzatan jaso nahi duten aukeratu ahal izateko.

  • Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Argazkia: EiTB.

    Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Argazkia: EiTB.

Patxi Baztarrikak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plana aurkeztu du gaur Donostian.

Baztarrikaren esanetan, egitasmoaren helburu nagusia "euskal gizartean elebitasun iraunkorra eraikitzea da. Herritarrei beraiek aukeraturiko hizkuntza ofizialean, euskaraz nahiz gaztelaniaz, zerbitzua ematea, herritar guztiek duten hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea egiazki betetzea, eta euskara eguneroko jardunean zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa erabiltzea".

Horrekin lotuta, lau helburu nabarmendu ditu Patxi Baztarrikak: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Eusko Jaurlaritzarekiko harremanetan; euskara lan hizkuntza izateko pauso zehatzak, neurgarriak eta aurreragarriak ematea; herri administrazioen arteko harremanetan euskara gehiago erabiltzea; eta goi kargudun politikoen lidergoa eta inplikazioa indartzea.

Eta helburu horiek gauzatzeko, hiru bide hauek irudikatu ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak: hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak onartu eta aplikatzea sailez sail; langileen eta erakunde-ordezkari politikoen euskara gaitasuna handitzea; eta langileen eta erakunde-ordezkari politikoen euskararekiko atxikimendua eta adostasuna areagotzea.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, jendaurreko arreta ematen duten zerbitzuek erabateko lehentasuna izango dute, eta gizarte izaerako nahiz izaera orokorreko ataletan administrazio atal elebidunak sortuko dira, eta, ahal denean, baita euskarazko atalak ere.

Jaurlaritzaren datuen arabera, "1995ean Jaurlaritzako langileen % 23,5 baino ez zen lana euskaraz egiteko gai; gaur egun langile guztien % 51,1ek egiaztatuta dauka dagokion hizkuntza gaitasuna, eta beste % 9,8k dagokiona baino bat baxuagoa. Beraz, 1995ean % 23,5 baina gaur egun % 59,9 dira euskaraz neurri batean lan egiteko gai. Duela 20 urte halako bi. Guztira, 4.052 langile".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskara