kultura
Martxoaren 16ra arte
Audience, Marlango, Gari... musika nagusi Gernikako Lekuek jaialdian
Erredakzioa
Gernikako Lekuek jaialdia antolatu dute herriko musikazaleek, eta, besteak beste, Ruper Ordorika, Mursego, Estricalla, Esne Beltza, Porco Bravo, Dawn of the Maya eta Napoka Iria izango dira bertan.
-
Audience taldeak parte hartuko du jaialdian. Argazkia: EiTB.
Gernika-Lumoko (Bizkaia) musikari eta musikazaleek, batuta, Gernikako Lekuek jaialdia antolatu dute, eta, igandera arte, hainbat espazio eta estilo bilduko ditu modu parte hartzailean antolatutako ekimenak herrian. Jaialdian izango diren talde eta musikarien artean, hauek daude: Audience, Marlango, Gari, Ruper Ordorika, Atom Rhumba, Mursego, Estricalla, Esne Beltza, Porco Bravo, Dead Bronco, Malcolm Holcombe, Napoka Iria eta Sarkor, besteak beste.
"Sarritan gure kabuz egin ohi duguna astebeteko programazioan batu dugu. Hainbat espazio, estilo, egiteko modu... batzen dituen festibala da Gernikako Lekuek. Urtean zehar Gernika-Lumon egiten diren dozenaka kontzertuen izaerari eutsi nahi dio, hau da, zaletasunetik abiatzen da, behetik gorakoa da, era parte hartzailean landutakoa, irekia, elkarlanean oinarritutakoa, autentikoa", adierazi dute antolatzaileek.
Jaialdiak "izaera deszentralizatua" du, eta leku bakoitzak edo eragile bakoitzak erabaki du zein talde ekarriko duen eta nola antolatuko duen. "Beraz, nortasun propioa duen musika ekimena da, antolatzen duten pertsona eta eragileek ematen baitiote nortasuna jaialdiari", gaineratu dute.
Kontzertuak eskaintzeaz gain, musika eta kulturaren inguruko eztabaida, ideien trukea eta harreman sare berriak sortu nahi ditu jaialdiak, eta horregatik, mahai-inguruak, topaketak eta antzeko jarduerak egongo dira.
Horrela, urtean zehar Gernika-Lumon zuzenekoak jasotzen dituzten lekuek, publikoek nahiz pribatuek, bat egingo dute jaialdian; hau da, Trinkete antitxokoak, Astra guneak, Iparragirre elkarteko lokalek, Lizeo Antzokiak eta Juan Kaltzada kaleko tabernek.
Aurretik aipaturiko taldeez gain, El_Txef_A, Dawn of the Maya, Tea Party Dj's, Hide Abbey, Aquarius Heaven, Thirteen Blood Promises, Undo, Bullets of Misery eta Naica ere izango dira Gernikako Lekuek jaialdian.