Itxi

kultura

Euskaltzaindia

Andoni Sagarnak hartuko du Sarasolaren tokia hiztegiaren zuzendaritzan

Erredakzioa

Ibon Sarasola egitasmoaren aurreko zuzendariak Euskaltzaindiarekin izan duen kontratua ez berritzea erabaki eta gero izendatu du Akademiak Sagarna lan horretarako.

  • Andoni Sagarna. Argazkia: Euskaltzaindia.

    Andoni Sagarna. Argazkia: Euskaltzaindia.

Andoni Sagarna euskaltzain osoa eta Gipuzkoako ordezkaria izango da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak egitasmoaren zuzendaria, 2014. urtean. Miriam Urkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko Lantaldearen buruak, zeregin horretan lagunduko dio, eta Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazleak aholkulari lanetan jardungo du. Haiekin batera ere, orain arteko lantaldearen teknikariek (Elizabet Kruzeta, Ainhoa Otamendi, Ane Loidi eta Gabriel Fraile) lanean jarraituko dute.

Horrela berretsi zuen Euskaltzaindiko Osoko bilkurak, urtarrilaren 31n Bilbon eginiko batzarrean.

Ibon Sarasola egitasmoaren aurreko zuzendariak 2013. urtea bukatu arte Euskaltzaindiarekin izan duen kontratua 2014. urtean ez berritzeko hartu duen erabakia idatziz berretsi ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak proposatu eta 2014ko urtarrilaren 31n Bilbon eginiko Osoko bilkurak berretsi du egitasmo horren zuzendaritza berriaren osaera.

Horiek horrela, 2014. urtean zehar, Andoni Sagarna euskaltzain osoak egitasmoa zuzenduko du, Euskararen Akademiarekin izenpetuko duen zuzendaritza-kontratuaren bidez. Halaber, Miriam Urkia  euskaltzain urgazleak eta Hiztegi Batuko lantaldeko buruak zeregin horretan lagunduko dio, arduradun gisa, eta Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazleak eta Hiztegi Batuko Lantaldeko kideak ere aholkulari lanetan jardungo du.

Andoni Sagarna Industria-ingeniaria eta Letretan doktorea da (1988. urtean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztu zuen tesia eta José Manuel Blecua, egun RAEko zuzendaria dena, izan zuen tesi-zuzendari). Nafarroako Unibertsitateko irakaslea izan da. Halaber, Elkar enpresa-taldeko I+G+b arloko zuzendaria ere izan da. Euskaltzain oso izendatua izan zen 2006ko abenduaren 22an. Euskaltzaindiko Iker sailburua izan da 2013. urtera arte. Lan ugari egin du lexikografiaren eremuan eta besteren artean 2012. urtean argitaraturiko Euskaltzaindiaren Hiztegia ahalbidetu zuen Batzorde Ahaldunduko burua izana da. Euskaltzaindiko batzorde eta lantalde batzuetako kidea da. Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia deituriko egitasmoaren zuzendaria da. Euskararen Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria ere bada.

Miriam Urkia Euskal Filologian doktorea da (Euskal Herriko Unibertsitatea, Gasteiz, 1997), bere tesia Euskal Morfologiaren tratamendu informatikorantz izan zen eta Miren Azkarate euskaltzain osoa izan zuen tesi-zuzendari. 1992tik UZEIko Lexikografia Saileko burua da. Era berean, Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoa / XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa egitasmoan lan egin du, 1987tik 2002ra bitartean. 1992tik Euskaltzaindiko Hiztegi Batuko lantaldeko kidea izan da. 2013ko martxoan lantaldeko buru izendatu zuen Euskaltzaindiak. 2003tik euskaltzain urgazlea da.

Jose Antonio Aduriz Teologia-Filosofian eta Euskal Filologian lizentziaduna da. UZEIko teknikaria izan da eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeko kidea da, 1995tik. Ordutik eta 2013ko martxora arte, batzorde horretako arduraduna izana da. Halaber, Euskaltzaindiko Lexiko Irizpideen Finkapena batzordeko kide eta idazkari ere izan da. Euskaltzaindiak 1991. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuen.