kultura
30.000 liburu
Monsieur Huberren dohaintza
Natxo Velez | eitb.com
Albert Huber suitzar liburuzalearen alargunak 30.000 liburu utzi ditu Nafarroako Unibertsitateko Liburutegiaren esku. Gai askori buruzkoak dira, eta XX. mendeko frantses literatura nabarmentzen da.
-
Liburu saldoari tokia egin beharko diote orain. Argazkia: EiTB.
Nafarroako Unibertsitateko Liburutegiak 14 urte ditu dagoeneko, eta dohaintzak hartzera ohituta daude bertako arduradunak; bertako funtsen erdiak handik-hortik-hemendik doan hartutakoak dira. Hala ere, ez dute sekula azken opariaren parekorik ezagutu.
Albert Huber Genevako museoko arte-kontserbatzaileak 30.000 liburu bildu zituen bere funts partikularrean, eta 200 metro koadroko lokal batean gorde zituen bata bestearen gainean, Suitzako hirian.
Duela urte pare bat, Nafarroako Unibertsitateko ordezkariak Genevara joan ziren, Huber jaunak liburu andana hori norbaiten esku utzi nahi zuen jakitun. Bibliofiloa konbentzitzen saiatu ziren, liburuok Nafarroara ekartzeko, baina orduan ez zuten lortu.
Gaiaz ahaztuta dagoeneko, urtebete-edo izango dela, baina, eskutitz bat jaso zuten: Huber zenaren alarguna zen, senarraren heriotzaren berri emateko, eta, Unibertsitateak bere garian erakutsi zuen interesa aintzat hartuta, liburuak Nafarroara ekartzeko asmoa helarazteko.
900 kutxa bete liburu heldu ziren irakaskuntza zentrora, eta, oraindik guztiak aztertzeko astirik izan ez badute ere, denetarik aurkitu dute engoitik, nahi beste gairi buruzkoak: Voltaire, Rousseau, gida turistikoak... Denetarik dago. Gainera, askotan, lanei buruzko artikulu eta osagarriak daude txertatuta.