Itxi

kultura

Dferia

Dferia arte eszenikoen jaialdiak hirugarren eguna du, Donostian

Erredakzioa

Dferia arte eszenikoen azokak 26 ikuskizun proposatzen ditu, Victoria Eugenian, Antzoki Zaharrean, Egia, Antigua eta Intxaurrondoko kulturguneetan eta Atano III.a pilotalekuan, ostegunera arte.

Dferia Arte Eszenikoen XX. Azokak hogeita sei ikuskizun eskainiko ditu hainbat agertokitan, ostegunera, hilak 13, arte. Orotara, 18 estreinaldi izango dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "mugak" izango dira lanon ardatz, "hitzari ikuspegi zabalez begiratuta", eta hiri osoko espazioetan taularatuko dituzte: Victoria Eugenia antzokia, Antzoki Zaharra, Egia, Antigua eta Intxaurrondo auzoetako kulturguneak eta Atano III.a pilotalekua.

Konpainiek zuzen-zuzenean eta zeharka begiratuko diote gaiari. Horrela, Dantzaz Konpainiak, adibidez, "Mugakoa" ikuskizuna eramango du Victoria Eugeniara, eta CulturArts Generalitat Valencianak "Casa de Muñecas" egingo du, Henrik Ibsenen lanean oinarrituta.

Guztira, 26 ikuskizun izango dira lau egunetan, horietako 18 inoiz aurretik egin gabekoak, estreinaldiak. Ados Teatro konpainiak, esate baterako, "El amor después del amor" estreinatuko du, Morfeo Teatrok "La escuela de los vicios" eta Laurentzi Produccionesek "Cuarteto del alba".

Euskal ordezkariak, noski, asko izango dira: 14 euskal talde egongo dira, hala nola Aukeran Dantza Konpainia ("Geltokia"), Traspasos Kultur ("Nada tras la puerta") eta Logela Multimedia ("Barbantxo"). Horiez gain, Tanttakak "Zazpi aldiz elur" Mikel Laboaren unibertsoaren inguruan ehundutako lana Victoria Eugenian egingo du.

Bestalde, azoka toki berrietara helduko da aurten: Hortzmuga Teatroak "Yo estuve allí y no lo contaron como yo lo vi" lana Atano III.ean jarritako oholtzan egingo du.

Sarrerak

Sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan salgai daude dagoeneko, baita Kutxa sarean ere. Victoria Eugeniako ikuskizunak ikusteko txartelak 20 eta 12 euroan erosi ahalko dira, eta Antzoki Zaharrekoak, Gasteszenakoak, Imanol Larzabalekoak, Intxaurrondokoak, Club aretokoak eta Atanokoak, 12an. Gainera, 30 urtetik beherakoek hiru euroan erosi ahalko dizute sarrerak, ikuskizun bakoitza hasi baino hogeita hamar minutu lehenago.

Asteazkenerako agenda

Erpurutxo (Teatro Paraíso), 10:00 (es) + 11:30 (eu) . Imanol Larzabal (Lugaritz K.E.)

Mucho tiempo, muchas cosas (Provisional Danza), 12:00. Intxaurrondo K.E.

Memorias de un olvido (Compañía Esther Esteban), 13:30. Gazteszena (Egia K.E.)

El vuelo (El Mura), 17:30* + 22:00 . Victoria Eugenia Antzokia - Club Aretoa

Cuarteto del alba (Laurentzi Producciones), 19:00. Antzoki Zaharra

Mugakoa (Dantzaz Konpainia), 20:30. Victoria Eugenia Antzokia

Yo estuve allí... Y no lo contaron como yo lo vi (Hortzmuga), 23:30. Atano III Frontoia

Jarduera Paraleloak:

Mercartes, Arte Eszenikoen merkatua. 17:00. Victoria Eugenia Antzokia - Txina Aretoa