kultura
Antzerkia
Tartean Teatroa taldeak 'Pankreas' estreinatuko du Arriagan
Erredakzioa
Patxo Telleriak bertsotan idatzitako komedia Bilbon estreinatuko dute martxoaren 12an eta 13an egingo dituzten emanaldiekin.
-
'Pankreas' antzezlane une bat. Irudia: Arriaga Antzokia.
Tartean Teatroa konpainiak Patxo Telleriak bertsotan idatzitako "Pankreas" komedia estreinatuko du Bilboko Arriaga Antzokian martxoaren 12an eta 13an. Mikel Martinezek, Joseba Apaolazak eta Patxo Telleriak berak interpretatzen dute Jokin Oregik zuzentzen eta Tartean Teatroa taldeak ekoizten duen obra.
Taldeko arduradunek azaldu dutenez, "Pankreas" obrak hiru lagunen istorioak kontatzen ditu. Lehenak pankrea transplante baten premia larria dauka; bigarrenak bere buruaz beste egiteko asmoa dauka hemendik urte batera, Alzheimerrari izkin egiteko; eta hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankrea emateko.
Une horretatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren igaroko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzena bada ere, gertatu egiten da noizbait.
Goizeko 11:00etan eta iluntzeko 20:00etan izango dira emanaldiak. 7 eta 16 euro bitarteko prezioan, sarrerak salgai daude Arriaga Antzokiko txarteldegian, antzokiko webean eta 946 850 850 telefonoan.