Itxi

kultura

Guggenheim

Yoko Onoren munduan barneratzeko gonbita, Guggenheimen

Erredakzioa

Artistak "Yoko Ono. Half-A-Wind Show" atzera begirako erakusketa aurkeztuko du gaur Bilbon, Guggenheim museoan; irailaren 1era arte egongo da bisitagai.

2013an laurogei urte bete zituen Yoko Ono artista ezagunak, eta Guggenheim Bilbaok, hari mutur horretatik tiraka, artistaren lan oparo eta ugariaren erakusketa osoa egitea erabaki du, artista garaikide nabarmenetako bat baita.

"Half-A-Wind Show" erakusketan, 200 lan baino gehiago paratu dituzte, museoaren hirugarren solairuan: horien bidez, artistak berrogeita hamar urtean baino gehiagoan sortu dituen askotariko lanen lagin bat ikusiko du bisitariak; Yoko Onok sortutako lanen aukeraketaren eskutik, artistaren mundu biziaren ertz guztiak zeharkatu ahal izango ditu.

Hain zuzen, mundu hori iruteko, japoniar jatorriko artistak lehengai andana bat erabili du, zenbat nahi: arte plastikoak, marrazkia, poesia, zinema, musika, instalazioa, bideoa eta, atzo 400 pertsonaren aurrean erakutsi zuen moduan, performance-a.

Bitarteko horien bidez, lanei ukitu poetikoa eta umore kutsu zolia emanda, Yoko Onok, arte kontzeptualaren sortzaileetako batek, aldez aurretik ezarritako ideiei erronka bota die, planteamenduak hankaz gora jarri ditu eta publikoa imajinazioa garatzera gonbidatu du ("Imagine"...), betiere konpromiso politikoaren alde: herritarrak mundu mailako gatazkak bukatzeko edo emakumeek gizartean duten papera indartzeko ekitera bultzatzeko.

Yoko Ono y John Lennon ¡La guerra ha terminado! (War Is Over!), 1969

Erakusketaren sarreratik bertatik (kristalezko ate birakaria da, publikoari ongietorria ematen dion gortina bat duena), ikuslea artistaren obrarekin elkarreragitera gonbidatuta dago, Yoko Onoren unibertsoan barneratzera gonbidatuta dago.

Hiriak berak gonbidapen hori onartu du, eta, publizitatea erakusteko hesi batzuetan, Yoko Onok aukeratutako hainbat mezu jarriko dituzte: "Amets egin", "Hegan egin" eta "Imajinatu".

Vuela (Fly), Yoko Ono Foto de Stephen Salpukas

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea