Itxi

kultura

Heriotza

Jose Antonio Retolaza ohorezko euskaltzaina hil da

Erredakzioa

"Kili-kili" aldizkariaren sortzailea atzo, martxoaren 12an, hil zen, Bilbon, 84 urte zituela. Euskaraz egindako lehen meza berak eman zuen.

Jose Antonio Retolaza Kili-kili pertsonaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzaile, euskararen aldeko ekintzaile eta ohorezko euskaltzaina hil zen atzo, martxoaren 12an, Bilbon, 84 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna gaur, martxoaren 13an, izango da, 19:00etan, Bilbon, Abandoko Done Bikendi parrokian.

Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia Bilbon jaio zen, 1929ko ekainaren 6an, eta gerra garaian Muxikara joan zen bizitzera. 1957an Teologia ikasketak amaitu zituen Gasteizen, eta Atxondo haraneko Arrazolara joan zen, abade. Bertan, 1959ko ekainaren 21ean, berak eman zuen lehen meza euskaraz Euskal Herrian eta munduan. 2002an, elizaren sarreran, harri bat jarri zuten, ekintza horren oroigarri. Bilboko Merkataritza Eskolan Merkataritza Peritajea ere egin zuen.

1958an Jaime Kerexetak animatuta, Jesukristo-ren Barri Ona idatzi zuen. 1962an, berriro Kerexetak bultzatuta, Eguneroko Meza idatzi zuen. 1963an, Arrazolako parroko eta Elorrion Funcor ikastetxeko zuzendari zela, euskara irakasten zuelako, alkateak salatu zuen eta gobernadoreak eta gotzainak bota egin zuten handik. 1964an Madrilera joan zen, Psikopedagogia ikastera, eta 1975ean lizentziatu zen.

Euskal Mezea sortu zuen Bilbon. Horren ostean, ume eta gaztetxoak elkarturik, doktrina irakasten zien, eta horrela sortu zen San Antoneko Euskal Katekesia.

1966an, Euskal Katekesi horren babespean, Kili-kili euskal pertsonaia sortu zuen, ume eta gaztetxoen bihotzetan euskal kontzientzia sortzeko asmoz. Umeen euskararen egoera ikusita sortu zuen Kili-kili Jose Antonio Retolazak, 1966ko apirilaren 17an, eta, horren ondorioz, izen bereko aldizkaria etorri zen, pertsonaia umeengana iristeko balioko zuelakoan.

Alfabetatzearen premia

Hasieran aldizkaria Bizkaiko umeen artean zabaltzen zen, eskuz esku eta dohainik, baina handik bi urtera 2.000 aleko tirada zuen aldizkariak. Bosgarren alean, dei bat egin zien irakurleei euskaraz idatz ziezaioten eta erantzun ugari jazo zuen. Baina orduan, umeen idazkera ikusita, Retolazak ume euskaldunen alfabetatzeko premia ikusi zuen eta, 1967an, "Kili-kili Sariketa Nagusia" sortu zuen, alfabetatzeko tresna bezala.

1975ean, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen, eta 2000ko urriaren 27an, euskaltzain ohorezko. 1977an, egoera politikoa aldatzerakoan, Kili-kili aldizkaria berriro kaleratu zen eta lehenengo Kili-kili Eguna ospatu zen, Bilbon. Beste ekintza batzuk sortu ziren aurrerantzean, hala nola Kili-Irratia, Kili-Jaiak, Kili-Txorta (argitalpenak) edo Kili-Ibilaldiak. 1989an, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu zuten, eta lau urtez izan zen.

1980an omenaldia egin zioten, Kili-kiliren izenean, Bilboko Uribarriko gazteek eratutako "24 ordutan" izeneko jaialdian. 1993an, Labayru erakundeak egin zion omenaldia, eta HABEk ere omendu zuen urte berean. 1995ean, Muxikako herriak omendu zuen, eta 1996an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen.

Argitaratutako lan nagusiak:

-Iparragirre, Bizitza. 1820-1881, 1967.

-Ipuinak, 1967.

-Arrotz ipuinak 2, 1987.

-Arrotz ipuinak 3, 1988.

-Umeen len jaunartze gerta bidea, 1967.

-Ume euskaldunen alfabetatzea. Euskera, 1977.

Jon Altzibar, Pedro Galarza, Klaudio Gallastegi, Inocencio ayerbe, Jose Antonio Retolaza eta Javier Cardiñanos

Luis Larrinagak 1960an Aralarren hartutako argazki historikoa. Ezkerretik eskuinera: Javier Cadiñanos bilbotar dentista, Jose Antonio Retolaza, Inocencio Ayerbe Aralarko abadea, Claudio Gallastegi Bilboko San Anton elizako abadea eta Pedro Galarza eta Jon Altzibar EAJko burkideak.