Itxi

kultura

Basque Fest

Euskal unibertsoko kultura eta arte adierazpenek Bilbo beteko dute

Natxo Velez | eitb.com

Aste Santuan eskaintza zabala egongo da Bilboko kaleetan barreiatuta, apirilaren 17tik 21era: kirola, musika, azokak...

  • Willis Drummond taldea Alondegian izango da, larunbatean.

    Willis Drummond taldea Alondegian izango da, larunbatean.

Aste Santuan, hirietako giroa baretu egin ohi da, oporraldia dela eta beste. Bilbon, halere, eskaintza oparoa prestatu dute, Basque Fest jaialdiaren kariaz, eta uriko bazterrak ikuskizun eta jardueraz gainezka egongo dira Aste Santuko jaiegunetan.

Kulturari dagokionez, Zabalguneko merkatuan antzerkia eta haurrentzako animazioa egongo da, eguerdiro. Ostegunean, Apika taldeak ipuinak kontatuko ditu; ostiralean Ginol taldeak antzezpena egingo du, panpinekin, eta larunbatean Tor magoaren ikuskizuna izango da.

Halaber, Ibai-Eder itsasontzia agertoki bihurtuko dute: Pio Baroja nasatik Erriberako merkaturainoko bidean egingo du, eta 80 ikusleren artean hiru aktore izango dira, formatu txikiko antzerkia egiten.

Alde Zaharrean, kale antzerkia egongo da, ostegunetik larunbatera, 12:30etik 14:30era.

Halaber, musikak ere toki nabarmena izango du. Alhondiga Bilbaon euskal musikaren erakusgarri zabala izango da: ostegunean, hilak 17, 22:00etan Audience izango dira; ostiralean, 22:15ean. John Berkhout eta 23:00etan Bakelite taldea. Amaitzeko, larunbatean, hilak 19, 22:00etan Willis Drummonden txanda izango da.

Plaza Barrian, bestalde, beste proposamen batzuk egongo dira: Trikidantz ostegunean arituko da, 19:00etan; ostiralean, hilak 18: 21:00etan "Herritmo" ikuskizuna egingo dute Kalakanek, Oreka TXk eta Kukai; eta larunbatean Saltoka taldea arituko da, 21:00etan.

Musikarekin lotuta, halaber, larunbatean, Record Store Day disko denen jaiarekin bat eginda 16:30etik aurrera Villarias kalean We Are Standard, El Deseo del Doctor (Bilbo), Joseba B. Lenoir (Bera) eta Tremenda Trementina (Iruña) izango dira.