kultura
Liburuaren Eguna
Unescok sakelako telefonoa sustatu nahi du analfabetismoaren aurka
Erredakzioa
"Irakurketa, Mugikorren Aroan" txostenak azaltzen duenez, "sakelako telefonoak analfabetismoaren oztopo iraunkorra atzean uzten laguntzen ari dira". 774 milioi heldu dira analfabetoak munduan.
-
Munduan 6000 milioi lagunek telefono linea baterako sarbidea dugu; 4500ek soilik komuna.
"Garapen bidean diren herrialdeetan pisu handia dutenez, sakelako telefonoak analfabetismoaren aurkako borrokan tresna eraginkorrak dira": hori da "Reading in the Mobile Era" (Irakurketa, Mugikorren Aroan) Hezkuntza, Zientzia eta Kulturako Nazio Batuen erakundeak zabaldu duen txostenaren ondorio nagusia. "Sakelako telefonoek analfabetismoaren oztopoa gainditzeko bidea ematen dio jende askori, liburuetarako lehen atea hurbilduz", azpimarratzen du.
Idatzia egiteko, 4000 elkarrizketa egin dizkiete, Etiopian, Ghanan, Indian, Kenyan, Pakistanen eta Zimbabwen, batik bat 35 urtetik beherako gizon-emakumeei, eta sakelako telefonoek munduan duten pisuari zor zaio berori idazteko lana; izan ere, mundu osoan bizi garen 7000 milioi pertsonetatik 6000 milioik gutxienez telefono linea baterako sarbidea dugu eta 4500ek soilik komuna, esaterako, NBEren datuek agerian uzten dutenez.
Txostengileek nabarmendu dutenez, analfabetismoaren aurkako borroka, besteak beste, paperezko liburuen prezio altuegiak baldintzatzen du herrialde txiro askotan. Hori dela eta, irakurzaletasuna eskuragarri dituzten gailuen bidez bultzatzeak sistema eraginkor eta erraza dirudi.
Idatziak erakusten duenez, ikerketan parte hartu zutenen % 90ek jarrera positiboa erakutsi zuten sakelakoetan irakurtzeko orduan, eta, noski, sutsuago aritu ziren aurretiaz irakurtzeko ohitura zutenak.
Gainera, ikergai izan ziren emakumeek 207 minutu irakurtzen dituzte hilean batez beste, gizonezkoek halako sei. Unescoren arabera, baliteke emakumeek telefonoan gehiago irakurtzeko arrazoia "gizarteak telefonoan irakurtzea liburu fisikoetan irakurtzea baino onartuago izatea", batik bat emakumeen hezkuntza "gai polemikoa" den herrialdeei begira.