Itxi

kultura

Antzerkia jaialdia Donostian

Antzerkia ikusleengana zabalduko da Poltsiko Antzerkiaren jaialdian

Erredakzioa

Formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunen erakustaldia da, eta maiatzaren 2tik 18ra egingo da Donostiako erdiguneko eta zenbait auzotako taberna eta lokaletan.

  • Inaxio Tolosa eta Ramon Agirre aktoreek "Kokakola eta barea" taularatuko dute. Argazkia: EiTB.

    Inaxio Tolosa eta Ramon Agirre aktoreek "Kokakola eta barea" taularatuko dute. Argazkia: EiTB.

Pepin Tre eta Ramon Agirre izango dira, besteak beste, Poltsiko Antzerkiaren Donostiako XXIII. Jaialdiaren protagonistak. Maiatzaren 2tik 18ra, hamar ikuskizun eskainiko ditu ekimenak, 26 funtziotan. Ikuskizunen erdiak euskaraz izango dira.

Jon Aizpurua Donostia Kulturako Kultur Ekintzako arduradunak azaldu ditu jaialdiaren nondik norakoak, aurkezpenean, Ramon Agirre, Inaxio Tolosarekin batera jaialdian "Kokakola eta barea" ikuskizuna taularatuko duen aktorea, alboan zuela.

Maiatzaren 2tik 18ra, antzezlan txikiak hiriko hogei bat taberna eta lau kulturgunetara eramango dituzte. Aurten lehenengoz, Aiete auzora eta Igeldoko kultur etxera ere helduko dira ikuskizunok.

Aizpuruaren hitzetan, horrelako jaialdietan euskarazko ikuskizunak erakusteko "arazo nagusietako bat" kalitatezko lan gutxi daudela izaten da. Horren aurrean, Donostia Kulturak sormen lehiaketa bat antolatu zuen, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera, eta dagoeneko lau edizio egin dituzte.

Aurtengo irabazlea, "Markesa Loukost", Seiiru Taldearena, jaialdiko egitarauan egongo da, baita parte-hartzaileetako beste bat ere: "Txikiren umorezko bakarrizketa: Mil a Zien. Baietz parrez lehertu!", Ion Martinezena.

Gaztelaniaz, beste hauek estreinatuko dira: "Un homenaje a la idiotez infinita" Gran Dimitriren lana; "Abandónate mucho: bienvenidxs a la coñocracia", Las XL taldeak maitasun erromantikoa suntsitzeko sortutako lana; eta "Extrañísimos", Torpedolevel taldearen antzezlana.

Egitaraua betetzeko, Jon Zabal ("Pensamientos encontrados"), Gorka Aginagalde  ("El regrueso de Patxi: repartiendo a diestro y siniestro") eta Pepin Treren umore surrealista egongo dira Donostian.