Itxi

kultura

Bideo ikusgarria

Txalaparta hotsak, Idahoko estadioko hutsarteetan

I.L. - N.V. | eitb.com

"Majoretteak", animatzaileak, metal orkestrak, Guns & Rosesen doinuak jotzen dituzten gitarrak... txalapartarekin uztartzen dira Idahoko Unbiertsitatearen futbol taldearen hutsarteetan.

Idahoko estatua da, Kalifornia eta Nevadarekin batera, AEBn euskal kutsu handiena duena, dudarik gabe. Boise hiriburuan, diasporak pisu handia du hiriaren egunerokoan: euskal museoa, euskal jatetxeak, Jaialdi nazioarteko festa. Oinkari taldeko dantzariek, esaterako, 50 urteko ibilbide joria osatu dute, eta hiriaren eta estatu osoaren ikur dira honezkero.

Euskal izaera horri jarraiki, Idahoko Unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko Departamentuak eta Musika Bandak txalaparta bat sortu dute, bertako lehengaiak erabiliz, Unibertsitateko taldeek kirol norgehiagoketan musika tresna ezagutarazteko asmoz.

Youtuben zabaldu duten bideo batean, ekimenaren antolatzaileek txalapartaren historia azaldu dute: jatorria, zeregina, gaur egun musika garaikidean duen oihartzuna... Bideoan, halaber, futbol denboraldiko irudiak agertzen dira, eta hutsarteetan egiten dituzten musika ikuskizunetan txalapartak berebiziko papera duela ikus daiteke.

Egitasmoaren atzean Spencer Basterrechea Martin dago, Idahoko Unibertsitateko musika bandaren zuzendaria. Euskal jatorrikoa da Basterrechea, eta Amuma Says No Boiseko folk taldeko perkusio-jotzailea izan zen, Idahoko Unibertsitateko postua onartu zuen arte.