Itxi

kultura

Asturiasko Printzearen Saria

Frank Gehryk Artearen Asturiasko Printzearen Saria irabazi du

Erredakzioa

Bilboko Guggenheim museoaren eta Marques de Riscal Eltziegoko upategien egileari eman dio goraipamena sarien fundazioak.

Frank Gehry. Argazkia: EFE

Frank Gehry estatubatuar arkitektoak, besteak beste Bilboko Guggenheim museoaren eta Marques de Riscal Eltziegoko upategien egileak, irabazi du Asturiasko Printzearen Saria, Arteen atalean. 19 herrialdeko 36 hautagai zeuden lehian, Fundaziotik jakinarazi dutenez.

1989an Pritzker Arkitektura Saria irabazi zuen, eta AEBeko korronte deskonstruktibistaren ordezkari nagusietakoa da.

Korronte honek diseinu linealeko prozesua hausten eta zatikatzen du, eta itxura bitxiko eraikinak sortzen dituzte eskola honetako arkitektoek, Bilboko Guggenheim bera edo Nationale-Nederlanden eraikina, Pragako Etxe Dantzaria (1996), kasu.

Toronton (Kanada) jaio zen, baina 15 urte zuenetik bizi da AEBn. Saria irabazi duen seigarren arkitektoa da, Oscar Niemeyerren, Francisco Javier Saenz de Oizaren, Santiago Calatravaren, Norman Fosterren eta Rafael Moneo nafarraren ostean.

Gehryren eraikinek ehun sari baino gehiago jaso dituzte mundu osoan. Richard Armstrong Solomon R. Guggenheim Foundationeko zuzendariak aurkeztu zuen haren aldeko hautagaitza.

Epaimahaikideek Bilboko Guggenheim jo dute Gehryren arkitektura "zabal, ludiko eta organikoaren" adibidetzat; izan ere, "arkitektura gorenaren eta edertasunaren erakusgarri izan ez ezik, inguruan eragin ekonomiko sozial eta ekonomiko handia ere eduki du, baita hirigintza mailakoa ere".

Iaz, Michael Hanekek jaso zuen saria. Zerrenda luzeko azkena da Gehry, haren aurretik besteak beste hauei eman baitiete Asturiasko Printzearen saria Arteen atalean: Eduardo Chillida, Riccardo Muti, Richard Serra, Norman Foster, Woody Allen, Paco de Lucía, Barbara Hendricks, Vittorio Gassmann, Fernando Fernán Gómez, Bob Dylan, Miquel Barceló, Pedro Almodóvar, Luis García Berlanga...