kultura
Txostena
Hizkuntza eskubideen urratzeak salatzea eskatu du Behatokiak
Urraketak Euskal Herri osoan gertatzen direla salatu dute, batez ere administrazioan eta enpresetan.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu duenez, urraketak Euskal Herri osoan gertatzen dira. 2013ko txostena aurkeztu dute eta euskara administrazioan eta enpresetan erabiltzeko dauden arazoak azaldu dituzte.
Behatokiak azaldu du gauzak aldatu daitezkeela hiritarrek protesta egiten badute.
"2013an hamaika traba izan dira euskararen herrian euskaraz bizitzeko, gaztelania eta frantsesa lehenestea da behin eta berriro herritarrek aurkitzen duten tupustarria. Erakunde publiko zein pribatuek hizkuntza-eskubideen bermea aintzat ez hartzearen ondorioz, herritarrak eskubidez gabeturik ikusten du bere burua askotan", esan du Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik.
Herritarrek egoera hauen aurrean duten jarrerak aldaketak eragin dituela aipatu du Behatokiko zuzendariak 2013ko elementu positibo gisa. Herritarren nahiaren atzetik doaz askotan administrazioak eta sarri askotan jokatzen dute ezaxolati euskal herritarren hizkuntza-eskubideei dagokienean. Herritarrek hizkuntza-eskubidea egiazki betetzeko indar egiten ez duten bitartean, oso jasangarria zaie administrazioei bere-berean mantentzea, aitzitik, herritarrek hizkuntza eskubidea baliatzeko joera erakusten badute, posible da euskaldunen hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen neurriak hartzea eta urratsak ematea; hori erakusten dute behintzat 2013an herritarrek egindako ahaleginaren ondotik, zenbait entitate eta administraziok bideratutako neurriek eta hartutako erabakiek".