kultura
Kultura
Lorea Agirre, Jakineko zuzendari berria
Erredakzioa
Joan Mari Torrealdairen lekukoa hartuko du Agirrek. 14 lagunek osatuko duten talde berriak emango dio jarraipena aldizkariaren 58 urteko bideari.
Joan Mari Torrealdaik zuzendu du azken 37 urtetan Jakin aldizkaria, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera. Erreleboa emateko garaia dela iritzita, talde berri baten esku utzi dute Jakinen gidaritza. Lorea Agirre kazetari, irakasle eta ikertzailea da, atzotik, Jakineko zuzendari berria.
Torrealdaik berak aurkeztu zuen atzo, Hernanin, zuzendaritza talde berria. Agirrerekin batera, beste 13 lagunek osatuko dute zuzendaritza taldea, soziologia, sorkuntza, antropologia, kultura, komunikazioa edota filosofia eremuetan eskarmentu handikoak, denak ere.
"Jakinkide historikook hil arte Jakinen jarraituko badugu ere, gidaritza belaunaldi berri batek hartuko du. Gu hor izango gaitu, laguntzeko prest, baina talde berriaren eskutan geratuko da Jakinen etorkizuna", adierazi du Torrealdaik.
Agirrek gogotsu hartu du kargua, eta, ohorea bai, baina erronka handia dela aurrean dutena esan du. Aldizkariaren etorkizuna kokagune eta eginkizun berrietan txertatu nahi du.
Abiatu duen bide berrian, Haizea Barcenila, Harkaitz Cano, Xabier Eizagirre, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joanmari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors, Joan Mari Torrealdai eta Eguzki Urteaga izango ditu Agirrek bidelagun, besteak beste.
Jakinek 58 urte beteko ditu aurten. Urte horietan guztietan lan oparoa egin du euskalgintzaren eta kulturgintzaren alde, eta aldaketak ere asko bizi izan ditu, baina oraingo hau inoizko handiena dela esan du Torrealdaik.
Jakin gogoetarako, kritikarako eta azterketarako aldizkari gisa jaio zen 1956an, eta hala jarraitzen du orain ere, euskal kulturako eta mundu zabaleko auzi nagusiak aztertuz eta elikatuz.