Itxi

kultura

Palmaresa

'Coherence', FANT jaialdiaren XX. edizioko film onena

Erredakzioa

Lights Out suediarrak Film Labur Onenaren Saria irabazi du, eta Aritz Morenoren Cólera lanak, Euskal Film Labur Onenaren Saria.

  • 'Coherence' filma Fant jaialdiaren XX. edizioan.

    'Coherence' filma Fant jaialdiaren XX. edizioan.

James Ward Byrkit zuzendari iparramerikarrak FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XX. edizioko Film Onenaren Saria irabazi du Coherence izenburuko opera primari esker, epaimahaiak gaur goizean plazaratu duen epaiaren arabera. Film honek Fas Zine Klubak emandako Zuzendaritza Berritzaileenaren Saria ere lortu du.

Matthew Robbins zuzendari, gidoilari eta ekoizle iparramerikarrak, Carlos Areces antzezleak eta Andrea G. Bermejo kazetari, zine-kritikari eta blogariak osatutako nazioarteko epaimahaiak "proposamenaren originaltasuna eta pertsonaiekin nahiz ikusleekin erakutsitako errespetua" nabarmendu du ebazpenean, Byrkiti saria emateko arrazoien artean.

FANTen XX. edizio honetako palmareseko gainerako sarituei dagokienez, epaimahaiak David F. Sandberg zuzendariaren Lights Out (Suedia, 2013, 3') filmari eman dio sail ofizialeko Film Labur Onenaren Saria, "lanaren eraginkortasunagatik eta iraupen laburraz egiten duen erabilera onagatik". Euskal Film Labur Onenaren Saria, Aritz Morenok 2013an zuzendutako Cólera sei minutuko filmarentzat izan da, "lanaren sendotasunagatik eta eszenaratzearekiko konfiantzagatik".

Era berean, Euskal Gidoilarien Elkarteak Gonzalo Lopez Gallego madrildarraren Open grave (AEB, 2013, 101') filmari eman dio Gidoi Onenaren Saria, hildakoz betetako hilobi batean esnatu den amnesiko baten istorioa txalotuz. Bestalde, publikoak Carles Torrensen Sequence (Espainia, 2013, 20') aukeratu dute FANT Laburrean saileko garaile. Film bitxi honetan, gizon bat goizean esnatu eta aurreko gauean mundu osoa berarekin amets egin duela konturatzen da.