Itxi

kultura

'Sagarra jo' dokumentala

Euskal kultura, jalgi hadi plazara... baina nola?

Natxo Velez | eitb.com

Iban Rusiñol eta Nicolas Novion zinemagileek kultura txikien eta makrokulturen arteko harremanen gaineko hausnarketa proposatu nahi dute, Kalakanen eta Madonnaren arteko lankidetzatik abiatuta.

"Zeren bila jo zuen Madonnak Kalakan hirukotearengana, Labeque ahizpen bidez ezagutu zituenean? Ikuskizun erraldoi baten apaingarri estetiko huts gisa "erabili" nahi izan du musikari artisauen hirukotea edo multikulturalismoaren eta tolerantziaren inguruko diskurtso sakona eraiki nahi izan du?". Galdera horrek, kultura txikiek makrokultur(ar)en garaian zer leku duten aztertzeko grinak, abiatu zuen "Sagarra jo" dokumental luzea.

Hausnarketa horrek bultzatu zituen Iban Rusiñol eta Nicolas Novion Kalakanen eta Madonnaren arteko lankidetzaren berri jakindakoan piztutako arra asetzera; galderatik erantzunerako edo erantzunetarako bidea dokumental baten bidez betetzea erabaki zuten.

Egun, "Sagarra jo" dokumentalaren proiektuan murgilduta daude zinemagileak: 2012ko abuztuan, Kalakanen eta estatubatuar musikariaren arteko istorioaren nondik norakoak grabatu egin behar zirela gogor sinetsita, bidaia ausarta egin zuten bikoak eta bere laguntzaile talde batek Nizara, Madonnaren lantaldearen baimenik gabe, kontzertuak eta haren jirakoak grabatzera.

Ezina ekinez egiten dela erakutsita, Kalakanekoak eta Madonna bera bitartekari aritu eta gero, grabatzea lortu zuten azkenean.

Horiek jasotakoan sortu zaizkien burutazioak antolatzeko, burutaldiak ikus-entzunezkoen mintzairara ekartzeko eta istorioa josteko lanean ari dira orain, eta crowdfundingera jo dute horretarako, balizko diru laguntzen zain berantetsi aurretik, pelikula egin egingo dela bermatze aldera.

Orain artekoak, "Sagarra bildu" laburpenean bildu dituzte, proiektua ezagutarazteko, eta guk Ibanengana jo dugu, informazioa biltze aldera.

Nondik sortzen da "Sagarra jo"? Zerk bultzatu zintuzten pelikula egitera? Zein da "leitmotiva"?

Iparraldean denok ezagutzen dugu elkar, toki txikia da eta ezagutzen genituen Kalakenekoak ere. Halako batean, hiru bideo egiteko eskatu ziguten, sekretupean, norentzat ziren argitu gabe, eta aurrerago, isilpekotasun kontratua agortutakoan, Madonnaren zuzendari artistikoentzat zirela esan ziguten. Orduan piztu zitzaigun irrika: "Hau kontatu egin behar da", pentsatu genuen.

Trasteak batu eta astebete ibili ginen haien atzetik, 2012ko udan, Niza eta Zurich bitarte, managerrarekin zenbait arazo tartean. Halere, Kalakanekoen eta Madonnaren beraren erraztasunei esker, konbentzitu egin genituen eta grabatu ahal izan genuen.

Orduan, bertatik bertara ikusita, istorio partikular honek, artisautza musikalaren eta makroindustriaren arteko "clash" horrek, gizaki guztioi zer kontatzen digun argitzeko hausnarketa abiatu genuen.

Zer bilatzen zuen Madonnak Kalakan hirukotean?

Guk hipotesi batzuk ditugu, eta Kalakanekoekin ere hitz egin dugu horretaz. Zerbait berezia bilatzen ari zen, eta hori pixka bat aztertu nahi dugu orain: Labeque ahizpekin hitz egin nahi dugu (haien bidez ezagutu zuten elkar kalakandarrek eta Madonnak), beste elkarrizketa batzuk egin... Eta horregatik ere ari gara crowdfunding kanpainan, elkarrizketa gehiago egiteko, filmari testuinguru estetikoa emateko...

Zein bideri hel diezaiekete kultura txikiek makrokulturen aurrean?

Euskal herritarrok hamar mila azalpen eman behar izaten ditugu kanpora joaten garenean: zergatik mintzatzen garen euskaraz, beste hizkuntza bat hitz egitea aberastasuna dela argitu beharra izaten dugu...

Eta Madonnak ere hori azaltzen zuen kontzertuetan, "Sagarra jo" jotzen zuenean, zeren berak bere interpretazioa eman baitzien kantuari eta kolaborazioari: tolerantzia, kulturen nahasketa...

Baina dokumentalean gauza bat azpimarratu nahi dugu: gauzak edonola modernizatzeak, kolore guztiak nahasteak dena gris bihurtzeko arriskua dauka, espezifikotasuna galaraztea.

Bi diskurtso horien azterketa proposatu nahi dugu "Sagarra jo"n.

Kalakan Baxter and Rojos

Ekoizpen lanari helduta, nola moldatu zineten Madonnaren biraren barruko irudiak hartzeko? Erraztasunak jarri zizkizueten?

Amerikarrekin negoziatzea zaila da, eta managerrarekin hala izan zen. Halere, Niza guretzat ez zegoen horren urrun: horregatik joan ginen bertaraino. Dena den, bertan ikusi ahal izan genuenez, Kalakanekoen eta Madonnaren laguntza ezinbestekoa izan da gu bertan egon gintezen.

"Sagarra bildu" aurrerapenean, euskal nortasunaz hitz egiteko, Berri Txarrak, Jon Maya eta Asier Altuna hautatu dituzue. Zergatik hauek?

Beste hainbat izen ere bageneuzkan zerrendan, baina diruak blokeatuta eduki gaitu.

Hasteko, Jon Maya hautatu genuen. Kalakanekoak Madonnaren ikuskizunean parte hartzen ikusi genituenean (dantzariak, horien janzkera...), segituan pentsatu genuen Mayaren lanean, eta ez ginen hainbeste tronpatu, dokumentazio lanetan ari zenean Kalakanek Jon Mayaren bideoak erakutsi baitzizkion Madonnari. Horregatik behar genuen bere iritzia.

Berri Txarrak bere lana atzerrira era moderno batean esportatzen duen ikur bat delako hartu genuen. Dena euskaraz egiten dute, eta erdaraz egiten duten hainbat herritan aritzen dira, baina ez dute folklorea eskaintzen, baizik eta musika modernoa.

Asier Altuna zinemagilea delako hartu genuen, kultura baten osasuna nola dagoen erakusten baitigu bertako zinemagintzak, adierazpen kultural garestiena baita. Euskaraz zinema komertziala egitea lortzen badugu, horren gaizki ez goazen seinale izango da.

Fikzioa ere uztartuko duzue pelikulan. Zertan datza istorioa?

Dokumental bat egin nahi dugu, ez erreportaje bat, eta zinemaren mintzaira erabili nahi dugu, hortaz; estetizismo horrek filma egituratzen lagunduko digulakoan gaude.

"Sagarra jo" eta Madonnak kantu horren inguruan egiten duen interpretazioa sagardogintzarekin lotu nahi dugu: sagarra jotzen denean txalapartaren erritmo batzuk jaiotzen dira... Eta sagardogintzaren etapa horiek guk eta Madonnak nork bere langintzan izan ditugun epeekin parekatuko ditugu.

Kalakan Baxter and Rojos

Zein da crowdfunding kanpainaren helburua? Zer lortu nahi duzue?

Bi aukera ditugu orain. Dena ondo ateratzen bada eta frantziar diru laguntzekin egiten badugu, errazagoa izango da, baina pelikula bat ezin da soilik diru publikoz egin, eta guk ere jarri beharko dugu gure zatia; horretarako da kanpaina. Bestalde, dena ondo ez badoa, crowdfundingeko diru horrekin dena ordaindu ahalko dugu. Nolanahi ere, batera zein bestera, kanpaina hori egin gabe ezingo genuke pelikula aurrera atera; izan ere, gauza asko diruz bakarrik desblokea daitezke: musikak eta guk filmatutako irudiek eskubide artistikoak dituzte eta abokatuekin ibili behar dugu...

Zer bide du aurretik orain "Sagarra jo" filmak?

Gelditzen zaiguna filmatu behar dugu lehenengo, eta filmaren % 70 izan liteke hori. Dena ondo badoa, 2014ko urri edo azaroan hasiko gara lan horretan, sagar bilketaren garaian, eta, ordurako dena prest edukitzeko astirik izan ez badugu, 2015ko negurako utzi beharko dugu.

Horren arabera jakingo dugu noiz ateratzen den filma, gero lau edo bost hilabete beharko ditugulako postprodukzioan. Beraz, baikor izanda, 2015eko erdialdeaz hitz egin beharko genuke, eta, bestela, 2016ko erdialde edo amaieraz.