Itxi

kultura

XVII. Max sariak

Tanttaka Teatroak ekoizpen pribatu onenaren Max saria irabazi du

Erredakzioa

Juan Diego Botto eta "Un trozo invisible de este mundo" haren lana izan dira gaueko izarrak, lau sari pilatuta. "Munduan denok merezi dugu ogia, baita arrosak ere", aldarrikatu du Bottok.

Tanttaka Teatroa euskal konpainiak enpresa edo ekoizpen pribatu onenaren Max saria irabazi du bart, Estatu mailako sariak banatzeko ekitaldian. Fernando Bernues konpainiako zuzendariak "antzerkiko jendeari" eskerrak eman dizkio, "kultura baztertzen saiatzen direnei zail jartzearren". Halaber, euskal antzokien lana ere eskertu du.

Bestalde, "Un trozo invisible de este mundo" izan da gaueko izarra, lau sari bereganatuta: antzezkizun onenaren, aktore onenaren, egile berri onenaren eta argiztatze diseinu onenaren sariak irabazi ditu.

Aldarrikapenez betetako gala batean, Juan Diego Botto "Un trozo invisible"ren sortzaile eta aktore nagusiak eskerrak eman ditu, eta "areto txikietan, kobratu barik, beren talentua oparitzen diguten kideei" eskaini die, "toki duinagoa bihurtzen baitute mundu hau".

Circo Price antzokian egindako galan, Goyetan gertatu bezala, ez da Jose Ignacio Wert Espainiako Kultura, Hezkuntza eta Kirol ministroa egon, eta antzerkigile, aktore eta teknikariek beren lanaren alde egin dute, "egungo egoera zailaren aurrean", hitza hartu dutenean.

Ildo horretan, Bottok jendeak "ogia bai, baina arrosak ere" merezi dituela adierazi du. Hartara, "lan duina" eta "etxegabetzeko arriskurik gabe bizitokia izateko eskubidea" ez ezik, "maitatu eta film on batez" gozatzeko parada ere izan behar dugula adierazi du. "Guk, nolabait, arrosa hori sortzen dugu", azaldu du.

"Barcelona" 1938ko martxoaren 16tik 18ra joandako egunetan girotutako antzezlanak, faxistek Kataluniako hiriburua bonbardatu zutenekoak jorratzen dituen lanak, antzezlan onenaren saria jaso du. Gainera, Emma Villarasauk emakumezko aktore nagusiaren saria irabazi du, bertan egindako lanagatik.

"Lo real" naziek desagerrarazi zituzten ijitoen komunitateen drama kontatzen duen Israel Galvan dantzari eta koreografoaren lanak hiru sari beretu ditu: dantza ikuskizunik onenaren, gizonezko dantzari onenaren eta koreografia onenaren sariak. Bestalde, Eva Yerbabuenak emakumezko dantzari onenaren saria irabazi du, "¡Ay!" lanean egindako zereginagatik.

Ikuskizun berri onenaren Max saria The Funamviolistas taldearentzat izan da, eta zuzendari onenarena Carlos Alfarorentzat, "El lindo don Diego" antzezlanagatik. Lan horretan Maria Araujo jantzi-marrazkigileak egin zuen papera ere saritu dute.

"Forests" Shakespeareren idatzietan oinarritutako lanari bi sari eman dizkiote: Maika Makovskiren musikarentzat bata, eta Rebece Ringsten eszenografiarentzat bestea.

Ohorezko Max saria Maria de Avila otsailean hil zen ballet-dantzariari eman diote.