Itxi

kultura

Antzerkia

Juan Echanove eta Maria Galiana Arriagan, pertsona helduak omentzen

Erredakzioa

"Conversaciones con mamá" ekainaren 15era arte egongo da ikusgai Bilboko antzokian. Juan Echanovek esan duenez, "krisiak harrapatutako Espainia honetan" zentzu handia hartzen du antzezlanak.

Espainiako eszenako bi irudi handik zapalduko dute Arriaga Antzokia bihartik, asteazkenetik, ekainaren 11tik, igandera, 15era, Juan Echanovek eta María Galianak. Bost emanaldi eskainiko dira, bat egunero, eta 19:00etan hasiko den igandekoa izan ezik, guztiak 20:00etan hasiko dira.

"Conversaciones con mamá" lanak komedia erromantikoko ukituak ditu, baita kontakizun errealarenak ere, eszenatokian gertatzen dena ikus-entzuleen etxeetan gerta daitekeen zerbait delako, eguneroko bizitzako eszenak irudikatzen dituelako.

Jordi Galceránek egokitutako eta Juan Echanovek berak zuzendutako Santiago Carlos Ovesen testu horrek, bi protagonista dituen istorio ederra kontatzen digu. Juan Echanovek interpretatzen duen Jaime eta bere ama, horrela identifikatuta, Mamá gisa, María Galianak antzezten duen papera.

Mamák laurogeita bi urte ditu, eta Jaime semeak, berrogeita hamar. Oso mundu desberdinetan bizi dira. Mamá bakarrik konpontzen da, eta bere zahartzaroa duintasun osoz darama aurrera. Solairu bakarreko etxetxo batean bizi da, bere errutinei eta egunerokoaren balioari lotuta, erabat zoriontsu.

Jaimek emaztea eta bi seme-alaba ditu, etxe-txalet ederra Madril kanpoaldean, bi auto, eta zaindu beharreko amaginarreba. Baina bere bizitza mailak osatutako "naipe gaztelu" hori erortzen hasi da, erabat harrapatu duen ezusteko krisialdiaren ondoren, lan egiten duen enpresak kalean utzi duelako, langile berrantolakuntza baten ondorioz. Egoera berri horren aurrean erabaki gogorrak hartu beharko ditu, eta Mamá bisitatzera joango da, laguntza eskatzeko.

Mamák, jakituria eta umore handiz, ispilua jarriko du Jaimeren begien aurrean, eta, emanaldian zehar, semea bere miseriez jabetuko da. "Conversaciones con mamá" lanak irauten duen ordu eta erdian, Jaimek eta amak, batzuetan elkarrekin hitz egingo dute, eta beste batzuetan hitzak trukatzera mugatuko dira, familia barruko intimitatearen barruan, sua pizten duen gai arantzatsuari buruz. Ikus-entzuleak barre egingo du, baina begiak umeldu ere egingo zaizkio.

"Conversaciones con mamá" lanean, jende nagusiari egiten zaion aintzatespena ere hautematen da, jende horren jakituriari, itxaropenik gabeko egoeretan agintea hartzeko eta aurrera egiteko duten gaitasunari, eta ez euren arazoei dagokienez soilik, baita seme-alaben, biloben... azken finean, gu guztion arazoei dagokienez. Antzezlanak, samurtasunaren eta umorearen bitartez, ondo baino hobeto merezitako omenaldia eskaintzen die pertsona nagusiei.