Itxi

kultura

Principal Antzokia

33 ikuskizun Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian, udazkenean

Erredakzioa

Jaialdian, urriaren 3tik azaroaren 28ra, 33 ikuskizun taularatuko dituzte, horietako 4 euskaraz eta 10 bertoko konpainiek egindakoak.

  • "Pankreas" lana ikusi ahalko da Gasteizen, besteak beste.

    "Pankreas" lana ikusi ahalko da Gasteizen, besteak beste.

Gasteizko Udalak Nazioarteko 39. Antzerki Jaialdia aurkeztu du. Eusko Jaurlaritzarekin eta Arte Eszenikoen eta Musikaren Akademiarekin lankidetzan antolatzen du antzerkizaleentzako topagunea Arabako hiriburuko udalak.

Inaugurazio eguneko emanaldiaz Wadji Mouawad libanoar jatorriko kanadar antzerkigilea arduratuko da; itxieraz, berriz, Traspasos gasteiztar konpainia.

Jaialdia urriaren 3tik azaroaren 28ra luzatuko da, eta 33 ikuskizun gozatu ahalko dira Principal antzokian: horietako 4 euskarazkoak izango dira, eta 10, bertoko antzerkigileek sortutakoak. Besteak beste, “Pankreas” Patxo Telleriaren eta Tartean Teatroaren lana eta “Barealdi Magikoa” Espainiako Zentro Dramatikoak Tanttakarekin batera Alfredo Sanzolen testu bat hartuta eginiko lana ikusi ahalko dira.

Iaz, 13.500 lagun inguru bildu zituen jaialdiak, sarrera guztien % 89 salduta.

Urriaren 18an, Carmen Machik eta Javier Gutierrezek “Los Macbeth” lana taularatuko dute, Shakespeareren lanean oinarrituta Andres Limak eginiko moldaketa “lotsagabea”.

Bestalde, azaroaren 8an Clara Lago egongo da Gasteizen, “La venus de las pieles” komedia defendatzen, eta hilaren 14an Ana Belenek du zita arabar antzerkizaleekin, “Katthie y el Hipopotamo” Vargas Llosaren eleberrian oinarritutako lana eszenaratzeko.

Halaber, antzerkia ez ezik, dantza ere proposatuko du jaialdiak, Victor Ullateren konpainiaren eta San Martin buenosairestarraren eskutik. Gainera, Cirque Invisible Victoria Thierre-Chaplin frantziar taldea ere Gasteizera itzuliko da.

Topaguneko aurrekontua 358.000 eurokoa da. 310.000 Udalak jartzen ditu, 30.000 Eusko Jaurlaritzak eta 18.000 Arabako Aldundiak.