kultura
Sariak
Carlos Perez Uralde irrati-antzerkiko II. Lehiaketak baditu irabazleak
Erredakzioa
“Zartagina kirtenetik” Inko Martin Mancisidorren lanak eta “La ultima cena” Jose Luis Ordoñez sevillarraren idatzia izan dira, epaimahaiaren arabera, 80 gidoietako onenak.
"Zartagina kirtenetik” (Inko Martin Mancisidor) eta “La ultima cena” (Jose Luis Ordoñez) lanek irabazi dute Carlos Perez Uralde EiTBk Gasteizko antzerki jaialdiarekin batera antolatzen duen irrati-antzerkiko II. lehiaketako lan irabazleak.
Lehiaketaren bigarren deialdi honetara 80 gidoi aurkeztu dituzte, horietako zazpi euskaraz. Gero Eusko Irratiko emisoretan aireratzen diren gidoiak biltzea da deialdiaren erronka, eta, horrela, irratigintzarako lan berriak sortzeko aukera eman idazleei.
Inko Martin Mancisidorren lanari dagokionez, “sare sozialak hizpide hartuta maitasunaren bila familiaren etxea uzteko uneaz aritzen den lan dibertigarria” dela esan du epaimahaiak.
Gaztelaniaz, Jose Luis Ordoñezek eramango du 2.000 euroko saria, “La última cena” lanari esker. “XIX. mendean girotutako lan honetan, pertsonaiek beren sortzaileen aurka egiten dute, banpiroak aurkezten dituen misteriozko istorio batean”, epaimahaikideek azaldu dutenez.
Bigarren sariak “Cay Biscay” (Manu López eta Patxi Zubizarreta) eta “Secretos” (Crescen Blazquez eta Reyes Moleres) lanentzat izan dira. 1.000 euro jasoko ditu bakoitzak.
Lau lanok Eusko Irratiko kateetan eskainiko dituzte, urriaren 3tik azaroaren 28ra, Gasteizko 39. Antzerki Jaialdiak dirauen bitartean.