Itxi

kultura

Indusketa lanak

Praileaitz haitzulorako beste sarrera bat aurkitu dute

Erredakzioa

Haitzuloa uste zen baino konplexuagoa dela erakusten du horrek, teknikariek azaldu dutenez. Gipuzkoako Foru Aldundiak Praileaitzen inguruko babes eremua zabal dezala eskatu dio Jaurlaritzari.

1:12

Praileaitz I haitzuloak (Deba) garai batean zuen beste sarrera bat aurkitu dute bertan lanean aritu diren arkeologoek, eta, horrela, Praileaitzek garai batean gutxienez bi sarrera izan zituela frogatu da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aurkikuntzak garrantzi handia dauka bi ikuspegitatik begiratuta. Alde batetik, Praileaitzeko haitzuloa uste zen baino konplexuagoa dela erakusten du aurkikuntzak, sarrera berria handia izan zen itxura hartu baitute.

Beste alde batetik, ikuspegi arkeologikotik, atondoaren eskuinean dagoen galeria berrian aurkitutako material zaharren jatorrizko aztarnategia aurkitzeko aukera handia ematen du aurkikuntzak. Izan ere, aurkituriko sarrera eta galeri berriaren barne-barnean, tresna solte batzuk aurkitu zituzten, urak eramandakoak edo Neanderthaleko gizakiek kobazulo barnean galdutakoak.

Horrela, ondorioztatu daiteke orain aurkituriko sarreran zegoela jatorrizko aztarnategia, sarreraren inguruan bizi baitziren Paleolitoko gizakiak eta ez kobazuloen barne-barnean. Orain aukera berria zabaltzen da, ongi kontserbatuta badago, jatorrizko aztarnategia aurkitzeko.

Eskaera

Aurkitutakoaren garrantzia kontuan harturik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zabal dezala Praileaitzen inguruko babes eremua eta lehenetsi dezala ondarearen garrantzia "beste kontsiderazio eta interes ekonomikoen aurretik".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, "eskura duen guztia egiten jarraituko du Praileaitz babesteko". Horrela, sarrera berria itxi du berehala, eta sismografoa kokatu dute haitzuloaren barnean leherketen datuak zaintzeko. Arkeologo batek harrobiaren barnean azaltzen diren konduktu karstiko guztiak ikuskatu ditu.

Halaber, datorren urterako aurrekontu berezia izango du foru erakundeak Praileaitzen indusketa sakon eta luzea egiteko.