Itxi

kultura

Larunbatean

Egañaren eta Euzkitzeren arteko lehia, Fernando Amezketarraren omenez

Haren jaiotzaren 250. urtemuga ospatzeko antolatutako bertso-jaialdi berezi hau larunbatean, irailaren 6an, izango da, Amezketan. ETBk grabatu egingo du, udazkenean emititzeko.

Fernando Amezketarraren jaiotzaren 250. urteurrena dela-eta, bertso-jaialdi berezia egingo da larunbatean, irailak 6, Amezketako plazan. Izaro Iraetak gidatuko du ekitaldia, eta Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze izango ditu protagonista, bertsolaritzaren historiako lehenengo bertso-lehia antzeztuz. Jaialdia gaueko hamarretan hasiko da, eta Euskal Telebistak grabatu egingo du, udazkenean emititzeko.

1801. urtean, Villabonako plazan, bertsolaritzaren historian egindako lehen bertso-lehia antolatu zen. Hernaniko Txabolategi eta Amezketako Zabala bertsolariak jardun ziren nor baino nor gehiago. Hamar ontza urre zeuden jokoan desafio hartan. Esaten denez, lau mila entzule baino gehiago bildu omen zituen norgehiagoka hark. Aizarnazabalgo sakristauak, Tolosako apaiz batek eta Fernando Amezketarrak eman zuten epaia. Zeregin horretan abestu zituzten bertsoak ongi bildurik daude liburuetan.

Jaialdi hura berritu edo antzeko bat egin nahi dute Amezketan. Han izango dira Aizarnazabalgo sakristaua, Tolosako apaiza eta Fernando Amezketarra epaile gisa. Txabolategi eta Zabalaren ordezkoak Andoni Egaña eta Xabier Euzkitze izango dira. Andoni gogotik dabil plazaz plaza; Euzkitzek, berriz, isilaldi luzea eten nahi izango du Amezketan eskainiko duen jaialdiarekin. Ikusmin handia dago bertsozaleen artean Andonik eta Euzkitzek, Euzkitzek eta Andonik, eskaini behar dutenaren gainean.

Jantzi oso bereziak eramango dituzte bertsolariek, eta baita epaimahaian jardungo direnek ere. Urrea ere begien bistan egongo da. Eta, gainera, sorpresa txiki bat izango da Amezketako plazara hurbiltzen direnentzat.

Hitzordua, larunbatean, irailak 6, gaueko hamarretan, Amezketako plazan.