Itxi

kultura

Eskoziako Erreferenduma

Zendoia: 'Gaelikoarekiko atxikitze sentimendua oso txikia da Eskozian'

Idoia Alberdi | EITB.EUS

Eskoziako ekonomian gaelikoak duen eragina ikertu zuen Jose Mari Zendoia EHUko irakasleak. Gobernutik politikak ezarri ezean, beltz ikusten dio etorkizuna gaelikoari.

  • J.M. Zendoia EHUko irakaslea Gaelikoari buruzko ikerketa-lana aurkezten

    J.M. Zendoia EHUko irakaslea Gaelikoari buruzko ikerketa-lana aurkezten

Eskoziako gizartean gaelikoak duen lekua zein den ikertu zuen Jose Mari Zendoia EHUko irakasleak. Ekonomia aplikatuan aditua, 'Hizkuntza gutxituak eta ekonomia: Gaelikoaren kasua' izenburupean argitaratu zuen ikerketa-lana 2011n, Eusko Jaurlaritzaren eta Glasgowko Unibertsitatearen arteko hitzarmen baten baitan. Zendoiak uste du gaelikoak egiturak behar dituela, horren etorkizuna bermatu nahi bada.

Eskozian, 5 milioi biztanleko herrialdean, 60.000 inguru dira gaelera hiztunak, komunitate oso txikia. Zein da gaelikoak Eskoziako gizartean duen lekua?

Azken zentsuaren arabera (2011), hiztun kopuruari dagokionez, Eskoziako gaelikoa (gàidhlig) hutsaren hurrengoa da Eskoziako gizartean, eskoziar 'arrunt' batentzat (hau da, "no skills in Gaelic" % 98,3rentzat) izan ez den errealitate bat da.

Gaeliko hiztunen multzoak Highlands aldeko eremu periferiko eta urrunetan kokatzen dira (12.000 inguru, kontuan hartuz hitz egiteko gai diren guztiak), hala nola Hebridak artxipelagoko zenbait zonaldetan (14.000). Glasgow hirian ere hiztun kopuru esanguratsu bat dago (5.000), eta neurri txikiagoan Edinburgon (2.000), baina hiri horietako biztanleria osoarekin alderatuta, oso multzo txikia da.

Gaelikoaren presentzia kalean ikusezina da, hizkuntza-paisaia ingelesez dago, eta gaelikoz idatzitako ezer topatzea salbuespena da. Zenbait whiski markaren izenak dira gaelikoz ikusgai dauden hitz bakarrenetakoak. Esango nuke eskoziar gehien-gehienek ez dakitela nola esaten den Eskozia gaelikoz (Alba, hain zuzen ere).

Herrialdearen bideragarritasun ekonomikoan zentratu da, batez ere, independentziaren aldekoen eta kontrakoen kanpaina. Identitateak, zer pisu du eztabaida honetan?

Eskoziaren historia oso konplexua da eta identitate ugari sortu ditu. Zenbait lekutan (Glasgown, esaterako) gizartearen zatiketa Ulsterrekoaren antzekoa da, batez ere Irlandatik etorritako immigrazio handia egon izan delako. Edozein modutan, badago eskoziar 'nortasuna' deitu genezakeena, identitate desberdinek partekatzen dutena eta modu desberdinetan bizi dutena.

Hori hala izanik ere, bertako hizkuntzarekiko, gaelikoarekiko, atxikitze sentimendua oso txikia da. Adibide gisa: Scottish National Party (SNP) alderdiaren webean ez da hitzik agertzen gaelikoz, eta orri horretako bilatzailean "gaelic" hitza sartuz gero ikusten da hizkuntzari buruzko azken berria 2011. urtean eskegi zutela, Parlamentuak gaelikoaren bigarren plangintza aldia onartu zuenean.

Hizkuntza, lurraldea eta ekonomia. Nola uztartzen dira hiru espazio horiek Eskozian?

Gorago esan bezala, gaelikoa eremu oso periferikoetan soilik erabilia da eguneroko hizkuntza gisa, eta gainera, eremu horiek bata bestearengandik oso urrunduak daude. Zonalde periferikoa izateak esan nahi du ere garapen ekonomiko gutxiko eremuak direla, lehen sektorearen eta batez ere turismoaren mendekoak, eta hirietarako emigrazioa da gazte askorentzako irtenbiderik hoberena. Nahasketa txarra hizkuntzaren biziraupenerako.

Esan beharra dago, dena den, gaeliko hiztunen komunitateak nolabait kohesionatzeko tresna indartsuak badirela: BBCren Radio nan Gaidheal irrati-katea eta BBC Alba telebista kanala.

Bestalde, Eskozian egin nuen ikerketa-lanaren ondorioetako bat honakoa zen: hirietan bizi diren gaeliko hiztunek bertako batez bestekoak baino bizi-kalitate hobea dute, baina eremu elebidun tradizionaletan aurkakoa gertatzen da. Honen arrazoiak aztertu gabe daude, baina nire hipotesia da Glasgow edo Edinburgoko biztanleentzat gaelikoa jakitea plus bat dela (esaterako, lanpostu hobeak lortu dituztelako irakaskuntzan edo hedabideetan), baina Highlands edo uharteetan bizi diren gaeliko hiztunak, berriz, nolabait baztertuak geratu direla kanpotik etorri diren ingeles elebakarrengandik.

Eskoziako egungo egoera soziopolitikoaren erdian, hizkuntzaren transmisioa eta biziraupena bermatzeko zein gutxieneko adostu beharko lirateke?

Gaelikoaren egoera oso ahula da, eta etorkizuna nahiko beltza. Nire ustez, behar-beharrezkoa litzateke irakaskuntza-sisteman gaelikoa benetan txertatzea, gaeliko hiztun proportzio handiena duten lurraldeetan (gogoratu Lewis irla dela lekurik elebidunena, eta biztanleen erdiak besterik ez du gaelikoa ezagutzen) murgiltze ereduak ezarri beharko lirateke gutxienez eremu horietan hizkuntzaren trinkotasuna mantentzeko.

Bestela, gaelikoaren prestigioa gizartean sendotzeko neurriak hartu beharko lirateke, eta horretan Administrazioak, politikariek eta pertsona ezagunek hizkuntzaren aldeko jarrera eredugarriak hartu beharko lituzkete. Eskoziako Parlamentuan eta Gobernuaren menpeko erakundeetan gaelikoaren presentzia oso oso urria da. Arlo horretan bakarrik, badute nahiko lan egiteko.

1998an Eskoziak autonomiaren zati bat berreskuratu zuenetik, Eskoziako Parlamentua eta gobernu propioa, urratsik eman al da gaelikoaren normalizazioan?

Aipatu dudan bezala, 2011n onartu zen gaelikoa sustatzeko bigarren plangintza aldirako egitasmoa (lehenengoa 2005ean onartu zen). Ni ordutik ez naiz Eskozian egon, baina badut susmoa legearen aukerak garatzeko indar gutxi dagoela.

Bord na Gaidhlig da gaelikoa sustatzeko erakundea. Berez entitate autonomo bat da (Administraziotik kanpokoa), baina Eskoziako Gobernuak hizkuntza politikarako zeregin nagusiak esleitu dizkio. Programa desberdinak bideratzen eta koordinatzen ditu: irakaskuntzan gaelikoa ezartzen joateko plangintza, ikasmateriala sortzeko lana, gaelikoz idatzitako liburuen argitalpena sustatu, hedabideentzako subentzioak bideratu, eta abar.

Eskozian, zeintzuk dira gaelikoaren transmisiorako egiturak?

Eremu gaelikoetan familiaren papera behera doa; ikusi besterik ez dago gaelikoaren ohiko lurraldeetan elebidunen portzentajeak behera egin duela zentsu batetik bestera azken hamarkadetan.

Hezkuntza sistema ere ahula da gaelikoaren transmisiorako. Eremu elebidunetan badaude gaelikoa erabiltzen duten zentroak, betiere ingelesa ere erabiltzen duten ikasgelak partekatzen dituzten ikastetxe berean; alegia, ez dago gaelikoz soilik bizi den ikastetxerik. Gainera, normalean lehen hezkuntzan soilik erabiltzen da gaelikoa. Kurioski, salbuespen bakarra Glasgown dago, bertan kokatzen delarik lehen hezkuntzatik unibertsitate-aurreko mailataraino soilik gaelikoa erabiltzen duen ikastetxea (Sgoil Ghaidhlig Ghlaschu).

Ikusi den bezala, hedabideak dira gaelikoaren sustapenerako tresna nagusiak gaur egun. Berez, BBC Alba gaelikozko telebista kateak gaeliko-hiztunen kopuru osoa baino audientzia handiagoa du, programak ingelesez azpititulatuta eskaintzen baitira. Horrek ere laguntzen du hizkuntza ezagutzen ez dutenen artean gaelikoaren aldeko jarrera eduki dezaten.

Emaitzak emaitza, badirudi Eskozian herritarrei beren iritzia galdetzea ez dela gizartea zatitzea bezala ulertzen

Ez dut esango Erresuma Batuko demokrazia perfektua denik (soilik begiratu behar da zein klasista den hango gizartea), baina Estatu espainolean nagusi den jokaerarekin ez dago alderatzerik. Agian, han boterea sotilagoa da eta erreferendum beharrik gabe lortu du gehienetan hiritarrak berarekin lerrokatzea, baina espainiar botereak erabiltzen duen konbentzimendurako arrazonamendua ("zuek gurekin egongo zarete nahi baduzue, eta ez baduzue nahi baita ere gurekin egongo zarete, eta bigarren kasu hau bada, gurekin egotera behartzeaz gain ahal dugun gehiena izorratuko zaituztegu", spanish style delakoa) Erresuma Handian ezinezkoa litzateke.