kultura
“El hijo de la novia”
Tina Sainz: 'Antzerkiak ez du gizartea aldatzen, baina lagungarria da'
Natxo Velez | eitb.eus
Bilbok "El hijo de la novia" (Garbi Losada) lanaren estreinaldia hartuko du. Campanellaren filmaren egokitzapenean Juanjo Artero, Tina Sainz, Alvaro de Luna, Mikel Laskurain eta Sara Cozar daude.
Campos Eliseos Bilboko antzokiak El hijo de la novia Garbi Losadaren antzezlanaren estreinaldia hartuko du irailaren 11n. Zoriontasunaren bila arazoei zelan aurre egiten diegun azaltzen du lanak, eta irailaren 14ra arte egongo da antzokian.
El hijo de la novia Pentación Espectaculos eta Ados Teatroa konpainien koprodukzioa da, eta aktore talde azpimarragarria du: Juanjo Artero, Tina Sainz, Alvaro de Luna, Mikel Laskurain eta Sara Cozar.
Juan Jose Campanellaren film handiak bezala, Rafaelen istorioa kontatzen du lanak. Krisi ekonomiko handian murgilduta aurkezten du protagonista, behea jota.
Hala ere, bi gertakarik bide egokian jarriko dute Rafael: bat-batean aspaldiko lagun bat agertuko da batetik, eta bestetik aita amarekin Elizan ezkontzen tematuko da.
Tina Sainz: "El hijo de la noviaren gure bertsioa da"
Antzezlana estreinatu aurretxoan, eitb.eus-ek Tina Sainz aktorearekin hitz egin du.
Rafaelen, antzezlanaren protagonistaren, ikuspegia oso iluna da istorioaren hasieran, etsigarria. Zerk pizten dio aurrera egin ahal dela sinesteko grina?
Testuak kointzidentzia sozialez hitz egiten du. Gaur egun "Rafael" piloa dago, eta, aurrera egiteko, aldartea aldatu behar da. Antzezlanaren kasuan, lagun batek gauza guztiak erlatiboak direla irakatsiko dio Rafaeli, eta, gisa berean, hutsala dela beharrezkotzat aurkezten dizkiguten gauza horiek edukitzeko egiten dugun ahalegina. Garrantzitsuena egunero zoriontsua izatea dela irakasten dio.
Antzezlan hau eta, oro har, artea ilusiorik, gogorik, ezaren aurkako pizgarria izan daiteke? Zer paper izan ahal du antzerkiak esaterako garai zailei aurre egiteko?
Antzerkiak ez du gizartea aldatuko, baina hausnarketarako laguntza ederra da. Horregatik dira boteretsuak haren beldur, ez dutelako jendeak hausnarketarik egitea nahi. Eskuindarrek berezkotzat hartu dute antzerkia, denbora-pasa izaera emateko, eta ez zaie haztea interesatzen.
Zer garrantzi maila du umoreak horren istorio hunkigarri eta dramatikoan?
Komedia bizitzaren irudikapena da, eta, bizitza bertan bezala, umorea eta tragikotasuna uztartzen ditu. Oso argi izan behar dugu beti dagoela umorerako, zoriontsuak izan nahi dugula esateko, tartea.
Zer eragin izan du Campanellaren pelikula ikusi izanak antzezlanean egin beharreko lanari heltzeko orduan?
Campanellaren pelikula bere garaian ikusi nuen, eta gauza bitxia gertatu zait: testua ikasten ari nintzela, Hector Alterio (Nino Velvedere, argentinar pelikulan) topatu nuen, eta El hijo de la novia taularatzeko erronkaren aurrean pixka bat beldurtuta nengoela esan nion. Horren aurrean, zer esan zidan: "Tira, Tina. Ni Henry Fondak egindako pertsonaia bat ari naiz gorpuzten. Atera kontuak!".
Bertsio honetan ari garenok ez dugu publikoak pelikularekin erkatzea nahi, ez dugu aktore haiek egindakoa berriz egin nahi: gure ikuspegia da. Ni Nuria Espert La loba antzezlanean ikustera joaten naizenean, ez dut Bette Davis ikusi nahi, Nuria Espert ikustera joaten naiz.