Itxi

kultura

Erakusketa

Guggenheimeko bildumen 'maisulanak'

Erredakzioa

Europako eta Ipar Amerikako azken 100 urteotako artegintzaren erakusleiho bihurtuko da Bilboko museoa. Pieza bakarrak erakutsiko ditu. Chillidak eta Oteizak toki berezia izango dute.

'Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak' izenburupean, erakusketa zabala eta ezohikoa zabaldu du Guggenheim Bilbao Museoak. Solomon R. Guggenheim fundazioak eta Bilboko museoak duela 20 urte izenpetutako lankidetza-akordioaren baitan antolatu da erakusketa. Guggenheim sareko maisulanak jasoko dira, eta Europako eta Ipar Amerikako azken 100 urteotako artegintzaren errepasoa egingo da, pieza bakar eta esklusiboak erakutsita.

Erakutsiko dituen piezengatik bakarrik ez, hartuko duen espazioagatik ere deigarria da erakusketa. Museoaren hiru solairu hartuko ditu Eta bi zatitan banatuko da; lehendabiziko atala gaur aurkeztu dute, hedabideen aurrean, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendariak, eta erakusketaren antolaketan parte hartu duten hiru komisarioek (Alvaro Rodriguez Fominaya, Lucia Aguirre eta Petra Joos). Bigarren zatia, berriz, hilabete barru aurkeztuko dute.

Vidartek esan duenez, New Yorkeko Solomon Guggenheim Fundazioarekin hitzarmena sinatu zutela 20 urte bete dira, eta urteurren hori ospatu nahi dute erakusketa honekin. Urtarrilaren 25era arte egongo da zabalik. 1997ko urrian ere, antzeko erakusketa bat zabaldu zutela gogoratu du Vidartek, euren historiako piezarik esanguratsuenak erakutsiz. Oraingo honetan baina, New Yorkeko museoak utzitako obrak eta Bilboko museoarenak plaza bakarrean uztartuko dira.

XX. mende hasierako kubismo eta inpresionismotik hasten da ibilbidea. Kandinskyren artelanek leku handia dute erakusten, pintore horren bildumari handiena, 150 koadro baititu Guggenheim  Fundazioak. Euretako batzuk lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon. Beste egile batzuen lanak, dagoeneko, ikusgai egon dira, baina berreskuratu egin dituzte erakusketa honetarako; horietako bat, 'Paris leihotik zehar', Marc Changal pintore errusiarraren maisulana.

Ibilbidean Eduardo Chillida eta Jorge Oteizaren eskulturak ere aurkituko ditu bisitariak.

Lanen erdiak New Yorkeko museotik ekarri dituzte, baina, oraingoz, erakusketaren zati bat baino ez dute zabalduko, hirugarren solairukoa. Urritik aurrera lehen eta bigarrenean ere egongo da ikusgai, XXI. Mendeko ateetaraino helduta.