Itxi

kultura

Urriak 15, 17 eta 19

'L’equivoco stravagante' Rossiniren opera bufoa, Arriagan

Erredakzioa

Speranza Scappuccik zuzenduko ditu BOS eta Rossini Abesbatza Bilboko antzokian, Emilio Sagi eszenako zuzendaria dela, 2 orduko ikuskizunean. Urriaren 15etik 19ra, hiru saio egingo dituzte.

  • 'L’equivoco stravagante'

    'L’equivoco stravagante'

'L’equivoco stravagante' (Gaizkiulertu bitxia) opera bufoa Arriagara helduko da urriaren 15ean, eta hilaren 17 eta 19an beste bi saio egingo dituzte. Lehenengo bi saioak 20:00etan hasiko dira, eta hirugarrena, igandekoa, 19:00etan. Bi orduko iraupena du ikuskizunak.

Gioacchino Rossiniren musika eta Gaetano Gasbarriren libretoa dituen opera Boloniako Teatro del Corso antzokian estreinatu zen, 1811ko urriaren 26an. Estreinaldiak arrakasta izan bazuen ere, hiru antzezpen baino ez ziren egin. Pertsonaia guztiek emakume protagonistari buruz partekatzen dituzten uste okerrek sortzen dituzten nahaste dibertigarri eta korapilatsuek zentsoreen pazientzia urria ahitu zuten, eta lana debekatu egin zuten. Ahanzturatik salbatu nahian, Rossinik opera honetako zatiak ondoren konposatu zituen zenbait lanetan txertatu zituen.

Berrehun urte geroago, lan hau bueltan da, oraingoan Speranza Scappuccik BOS-Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Rossini Abesbatza zuzenduta. Orkestra-zuzendari erromatar gazte honek ibilbide arrakastatsua izan du pianista gisa, eta operaren esparruko zuzendari berri aldakor eta dinamikoenetakoa da orain.

Produkzioa Arriaga Antzokiarena da, eta Emilio Sagi da eszenako zuzendaria.