Itxi

kultura

Donostia Fashion Week

Donostia dotore-dotore igandera arte, Modaren Astea dela eta

Erredakzioa

Urriaren 9tik 12ra Donostia Fashion Weekek modaren sektorearen arreta bereganatuko du, Getarian eta Donostian. Bigarren edizio honek arlo profesionala eta arlo irekiagoa izango ditu.

Donostia Fashion Weekek bigarren edizioa egingo du urriaren 9tik 12ra. “Moda sektorea bultzatzera” bideratutako ekintzak egingo dituzte, 2014. honetan, ikuspuntu bikoitzetik: alde batetik, “sektoreko erreferentziazko lanera orientatutako eta nazioarteko bokazioa duen gertakari bezala”, eta, bestalde, “iniziatiba kultural eta modarekin erlazionatutako sormen proiektuen hedatze plataforma gisa”.

DFW2014 Donostian eta Getarian izango da, eta bi multzotan egituratua dago programazioa: DFW Industry sail profesionala, eta DFW City publikora irekitako jarduerak bilduko dituen saila.

Sail profesionala, Industry izenekoa, Getarian garatuko dute, urriaren 9 eta 10ean. Modarekin lotutako aditu eta enpresarientzako topagunean izango da, lan aukerak sortu eta salerosketak bultzatzeko helburua duena: mahai-inguruak, erakusmahaiak, kontaktu profesionaletarako gunea, erakustaldiak, fashion filmen emanaldiak....  Jardunaldiotarako, egun bateko bonua 20 euroan eros daiteke webgunean, eta bi egunetakoa 30 euroan.

Hurrengo bi egunetan, asteburuarekin, berriz, jaialdia hirira zabalduko da, moda “espresio kultural gisa” hiriko herritarrei gerturatu, eta interesa pizteaz gain, lurraldeko moda proposamenak sustatzeko: desfileak, erakusketa eta instalazio artistikoak hiriko zenbait galerietan...

Jardunaldiotan, David Delfinek, Diana Kunstek, Mikel Feijook eta beste hamaika adituk parte hartuko dute.