Itxi

kultura

Elkarrizketa, Euskadi Irratian

Joxean Muñoz: 'Finantzazio era berriak aztertzen ari gara kulturarako'

Natxo Velez | eitb.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburordeak “adostasunaren” alde egin du Donostia 2016ri begira, eta Bilboko Guggenheimen kudeaketan “aldaketak” egongo direla iragarri du Euskadi Irratian.

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gaur “Faktoria” Euskadi Irratiko saioan esan duenez, Saila kultur arloaren finantzazioan lanean ari da egun, eta “aldaketak” egon behar direla uste du.

Muñozen ustez, egungo eredu batzuk aldatu egin behar dira, ez baita jasangarria “zineman gertatzen den bezala proiektu batzuk telebisten eta erakundeen bidez % 100ean lagunduta egotea” eta diru pribatua “uzkurtuta” baitago.

Horren aurrean, “diru publikoa kulturara bideratzea bekatua, akatsa, ez dela aldarrikatu behar dugu, beste edozein alor, industria edo garraioa, bezain subentzionatuta baitago kultura, ez gehiago”; horretarako, “formula berriak” proposatu ditu Muñozek, hala nola “zergak berriak”.

“Berlinen, adibidez, bertako ostatuetan egiten den loaldi bakoitzeko tasa txiki bat kobratzen da, eta diru hori kulturara bideratzen da. Halaber, Katalunian zentimo digitalean lanean ari dira, gailu teknologikoetan gastatzen dena kulturara bideratu ahal den aztertzeko”, azaldu du; izan ere, “zalantzan jartzen da filmak eta liburuak doan zergatik ez dauzkagun, baina ez da zalantzan jartzen multinazionalei ordenagailua erabiltzeagatik ordaintzen dioguna”.

Donostia 2016

Bestalde, Donostia 2016ren barruan “batasuna” eta “adostasuna” bilatzearen alde egin du, eta erabakiak bertan parte hartzen duten “guztien artean” landu egin beharko direla aldarrikatu du.

Berriki, sailburuordea Juan Karlos Izagirre alkatearekin haserre agertu da, Patronatuaren bilera batean Kontseiluari hizkuntza galeraren inguruko eztabaida bat egiteko diru-laguntza ematea onartu baitzen, aldeko lau boto eta kontrako hiru botorekin.

Muñoz diru-laguntza hori “bileraren aurretik iragarri gabe” onartu zelako eta euskararen gainean hausnarketaldi horrek emango duen ikuspegiarekin bat ez datorrelako kexu agertu da, eta aurrerantzean erabakiak, “gehiengo hutsean oinarrituta barik”, elkarrizketaren bidez adostu behar direla esan du.

Bestalde, aurrera begira, Pablo Berastegui buru duen lantaldeak Donostia 2016ren ildoak zehaztu arte itxaron behar dela uste du, eta Patronatua Komunikazio zuzendari berria izendatzeko lanean buru-belarri ari dela kontatu du.

Durangoko Azoka

Durangoko urteroko kultur azokari dagokionez, Legebiltzarrak 2015erako, 50. edizioaren kariaz, 170.000 euro eta 2016rako 150.000 euro ematea eskatu badu ere, “egungo zirriborroen arabera” Jaurlaritzak 150.000 emango dituela esan du Muñozek, Azoka “estrategikoa eta oso-oso garrantzitsua dela jakinda”.

Horrez gain, Azokari dirua emateko ahalegina “erakunde guztiek” egin behar dutela adierazi du “Faktoria” Euskadi Irratiko saioan eginiko elkarrizketan, eta, “topagune nazionala” izaki, Gipuzkoako eta Arabako aldundiek nagusiki eta Nafarroako Gobernuak ere “ardura handiagoa” hartu beharko luketela iritzi dio.

Chillida-Leku

Hernaniko zentroari buruz, chillidatarren erantzunaren zain daudela esan du Joxean Muñozek, Jaurlaritzak txosten bat bidali baitie hainbat proposamenekin. “Lehenik eta behin Chillida-Leku zer den adostu behar da, gero nola antolatu erabaki, eta azkenik zenbat kostatzen den neurtu”, adierazi du.

Guggenheim

Bestalde, Bilboko museoaren patronatuaren eta Guggenheim Fundazioaren hitzarmena aurten bukatuko da, 20 urteren ostean, eta patronatuko kideek hilaren 22an jakingo dituzte adostasun berrirako negoziazioaren nondik norakoak.

Hitzarmen berrian “aldaketak” egongo direla aurreratu du sailburuordeak, “gaur egun egiten den lana arautuko baita, ez, lehen kontratua sinatu zenean bezala, bertan egingo denaren ustea. Izan ere, errealitatea aldatu da, eta lehen AEBtik bideratuago zegoena ondo egiten dela erakutsi da”, azaldu du.