Itxi

kultura

Museoa

20 urtez luzatuko dute Bilboko eta New Yorkeko Guggenheimen harremana

Erredakzioa

New Yorkeko Fundazioak berretsi egin beharko du elkarlanerako ituna abenduaren 9an egingo duen bileran.

  • Ordezkariak akordioa irudikatzen.

    Ordezkariak akordioa irudikatzen. Argazkia: Efe

Bilboko Guggenheim Museoko patronatuak New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazioarekin zuen ituna beste 20 urtez luzatzea onartu du, 1994an izenpetutakoa abenduaren 31n iraungi behar baitzen.

Dena dela, New Yorkeko Fundazioak berretsi egin beharko du elkarlanerako ituna abenduaren 9an egingo duen bileran.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zutela egin dute Bilboko Guggenheim Museoaren Fundazioaren bilera, eta bertan izan dira Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Richard Armstrong New Yorkeko fundazioko zuzendaria ere.

Armstrongek aitortu du gaur onartutako akordioak 1994koa asko hobetu duela, Bilboko museoa martxan jarri aurretik sinatutako akordioa, alegia.

Akordio berriak "aldaketa" nabarmena ekarriko du, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbaoren zuzendariaren arabera, New Yorkeko Fundazioarekiko harremanean "oreka eta berdintasun handiagoa" izango delako; izan ere, hemendik aurrera, New Yorkeko Fundazioak ez du Bilboko museoa kudeatuko, eta kudeaketan "parte hartuko" du, Bilbokoarekin batera.

Era berean, itunak berretsi egiten ditu bi Fundazioen ekimen nagusiak, Helsinkiko Museoa New Yorkekoarentzat, eta Guggenheim Bizkaian zabaltzearena Bilbokoarentzat.

Vidartek azaldu duenez, hori horrela, fundazioek proiektu horiekin aurrera jarraitzea erabakiz gero, ez diote elkarri baimena edo oniritzia eskatu beharrik izango.

Erakusketa handi bat bi urtean behin

Bestalde, itun berriari esker, New Yorkeko fundazioak erakusketa handi bat antolatuko du bi urtean behin Bilboko museoan, artelan garrantzitsuekin eta XX. eta XXI. mendeko kolekzioetako lan esanguratsuekin. Lehenengoa 2016ean izango da, XX. mendeko erakusketa bat.

Era berean, Bilboko Museoak erakusketa horiek eta kolekzio propioko beste erakusketa erdi-iraunkor batzuk izango ditu

Ia 2 milioi euro

Beste aldaketa garrantzitsu bat ekonomikoa izango da. Lehen urtero aldatzen zen erakundeen ekarpena, New Yorkeko Fundazioak Bilbokoari eskaintzen zizkion zerbitzuen arabera, eta orain 1.920.000 euro izango dira urtero.

Bilboko museoaren aurrekontutik aterako da ekarpen hori; beraz, Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak, museoaren jabeek, ez dute aparteko ordainketarik egin beharko, Vidarteren esanetan.

Kazetariek behin eta berriz galdetu diete museoko ordezkariei ea itun berria hobea den ekonomikoki, diru gutxiago ordaindu beharko ote duten hemendik aurrera, baina lehendakaria, ahaldun nagusia eta Armstrong deseroso sentitu dira galderaren aurrean eta tentsioa areagotu egin da.

Vidartek aitortu du ez zituela azken 20 urteotako kostuaren datuak eskuartean, baina Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu du urtero 300 milioi euroko ekarpena egiten diola Guggenheim Museoak urtero euskal ekonomiari.