kultura
Akme
Sormen artistikorako oztopoak eskasia garaian, aztergai EHUn
Erredakzioa
Akme jardunaldien seigarren ediziorako, lau hitzaldi, bi tailer, proiekzio bat eta aurkezpen bat antolatu dituzte; abenduaren 16tik 18ra izango da, EHUren Leioako campusean nagusiki.
-
"Language (property)" Daniel García Andujar Akmen parte hartuko duen artistaren lana.
Asteartean, abenduak 16, 16:00etan, EHUko Arte Ederren Fakultateko Areto nagusian (Sarriena auzoa z/g, Leioa), Akme jardunaldien seigarren edizioa hasiko da, EHUko Arte Ederren Fakultateak antolatuta.
Aurten, abenduaren 16tik 18ra bitartean eta “No cost. Edizio eskasa da” izenburupean, proiektu artistikoak krisi garaian aurrekontu baxuekin eta eskasiari aurre eginez egin behar dituzten artistak izango dira ardatz.
Hitzaldiak emateko ardura hauek izango dute: Ernesto Castro Córdoba filosofo eta arte-kritikaria, Daniela Ortiz oniritzi mailan goraka doan artista, Ana García Alarcón ikertzaile, komisario eta arte-kritikaria eta InsultARTe kultur arloko langileentzat baldintza duinak bilatu eta praktika txarrak salatzen dituen taldeak.
Halaber, tailer bi eskainiko dira: “Lapurtutako indarra”, Miriam Isasik emango duena, eta “Operación Titanic”, Dooroom eta Akme Teamen eskutik. Gainera, “Aurrekontua 5€” proiektua ere aurkeztuko da, Cabello/Carceller eta Txusporen babesarekin; gehienez bost euroko aurrekontuarekin proiektu artistikoak sortzeko egin zen deialdiaren emaitzak erakutsiko dituzte bertan. Aurkezpen hau ostegunean, abenduak 18, egingo da, 19:30ean, Consonni ekoiztetxean, Conde Mirasol 13, Bilbo.
Akme jardunaldiak bi urtean behin antolatzen dira. Lehenengo edizioan, 2004an, objektuetan oinarritzen ez den sorkuntza izan zen protagonista. 2006an ohikoak ez diren ekoizpenak eta distribuzioak izan ziren ardatz nagusia. 2008an, berriz, "Zabor-Kultura" deritzona abiapuntutzat hartu zuten jardunaldiek eta, 2010ean, esparru publikoaren kudeaketa eta interbentzioen inguruan aritu ziren. Eta azkenik, 2012an, aurrekontu murritzak izan arren emaitza handiak lortzen dituzten artisten lana erakutsi zen.
Programazio oparoa prestatu dute hiru jardunaldietarako.